CAFek kontratu berri baten esleipena lortu du Frantzian

2017ko Otsaila 13,

Azken urteotan, CAFek tranbiak hornitu dizkie Frantziako Nantes, Besançon eta St.Etienne hiriei

Enpresa gipuzkoarrak 12 lokomotor elektriko fabrikatuko ditu Parisko garraio-konpainiarentzat

 

CAF euskal tren-fabrikatzailea aukeratu du RATP Parisko Garraioaren Konpainia Alokatzaile Anonimoak mota dualeko hamabi lokomotor elektriko diseinatu eta fabrikatzeko. Ibilgailuak katenarietatik hartutako energiaren bidez edo unitateetan txertatutako baterien bitartez erabili ahal izango dira.

 

Kontratuak 65 milioi euroko gehienezko kopurua du, eta bertan, sei lokomotora osagarri fabrikatzeko aukera ere aurreikusi da. Unitateak RATPen eskualdeko sarearen azpiegiturako mantentze-lanak egiten dituzten trenak atoian eramateko erabiliko dira.

 

CAFek proposatutako lokomotorrak, 1.000 kilowatteko potentzia dutenak, nikel-kadmiozko bateriez hornituta daude, mantentze-lanak autonomia osoz egin ahal izateko. Konpainiak ohar baten bidez jakinarazi duenez, hauxe da mundu osoan horrelako unitateetan teknologia hau inplementatuko den lehenengo aldia.

 

Ohiko diesel motorrak ordezkatzean, emisio kutsatzaileak murriztu eta funtzionamenduko zaratak gutxitu ahal izango dira.

 

Lokomotorrak 2018aren erdialdeaz geroztik CAFek Frantziako Bagnères de Bigorre herrian duen lantegian ekoizten hastea aurreikusi da. Lehen unitatea 2019ko lehen hiruhilekorako prest eta erabiltzeko moduan egongo da, estimazioen arabera.

 

Oharraren arabera, kontratu berri honek CAFek Frantzian duen presentzia tinkatu du. Azken urteotan, euskal fabrikatzaileak tranbiak hornitu dizkie Nantes, Besançon eta St.Etienne hiriei, eta Lyongo metroko trenen flota birgaitu du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke