CAFek 9 tranbia hornituko dizkio ZVS alemaniarrari

2017ko Urtarrila 03,

metro_chile
CAF-ek Txileko Santiago hiriburuko metroarekin duen kontratua ere luzatuko duela iragarri du

Kontratuak 51,3 M€ko diru-hornidura eta beste 19 ibilgailu arin hornitzeko aukera du

 

Zweckverband Schönbuchbahn (ZVS) deritzon Alemaniako garraio-agintaritzak Beasainen finkatuta dagoen CAF euskal tren-fabrikatzailea aukeratu du, bederatzi ibilgailu arinen horniketa egin dezan, 51,3 milioi euroren truke.

 

Akordioak trenen 19 urteko mantentze-lanak barne hartu ditu, baita beste 19 tranbia hornitzeko aukera ere. Unitateak 2020an entregatu eta ZVSen sarean barna zirkulatzen hasiko dira, Alemaniako Böblingen, Holzgerlingen eta Dettenhausen hirien artean.

 

Euskal fabrikatzailearen ohar baten arabera, “azken belaunaldiko trenak dira, abangoardiako teknologiarekin ekipatuta daudenak”. Unitate bakoitza hiru kotxek osatuko dute, bidaiari-kopuru handia garraiatzeko edukieraz eta mugikortasun mugatuko pertsonei zuzendutako esparruez hornituta.

 

Hauxe da euskal trengintza-taldeak Alemanian abiarazitako bigarren proiektua, berrikitan tranbiak hornitu baitizkio Friburgo hiriari.

 

Nazioarteko hedapen-estrategiaren barruan, euskal taldeak iragarri du, Txileko Santiago hiriburuko metroak CAFekin sinatua duen egungo kontratua luzatu eta beste 4 unitateren fabrikazioa eskatzea erabaki duela. Era berean, Beasaingo konpainiak beste 2 trenen horniketa itxi du Medellingo (Kolonbia) metroarekin, Amerika Erdialdeko herrialde horretarako fabrikatzen ari den 20 unitateez gain.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke