Bridgestonek 47 milioi inbertituko ditu Basauriko instalazioetan

2014ko Azaroa 11,


Bridgestonek Basaurin dituen instalazioek Japoniako enpresa matrizearen bultzada sendoa jaso berri du, datozen bost urteetan automatizazioa areagotzeko 47 milioi euro txertatuko dituela iragarri ondoren.


Albistea konpainia japoniarraren plan estrategikoaren haritik sortu da. Agiri horretan aurreikusitakoaren arabera, 2018an, Basauriko instalazioek 2013an baino %50 gehiago ekoitzi eta produkzio-kostuak ia-ia %39 murriztuko dituzte.

Bizkaiko lantegiaren arduradunen esanetan, 2013-2015eko hitzarmen kolektiboaren sinaketa eta energia-kostuak murrizteko abiarazitako neurriak erabakigarriak izan dira aipatutako inbertsioak egiteko erabakiari begira.

Basauriko lantegia kamioi eta autobusetarako pneumatikoen ekoizpenean espezializatuta dago eta 1.000 langile inguru ditu. Gorka Diez zuzendariak APDko goi-kargudunen Estatuko Biltzarrean ‘El Economista’ agerkariari egindako adierazpenen arabera, 2013az geroztik hedatu diren malgutasun-neurriek enpleguari eustea ahalbidetuko dute, honen kostua %38,8 murriztuz eta ekoizpena %50 gehituz.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke