Bolalá, ahoz ahokoa sakelakoetara eramateko aplikazioa

2016ko Apirila 05,

Bolala app
Bolalá aplikazioarekin mezu kateak bidali daitezke lagun zirkuluen barnean.

Perpetuall enpresak aplikazio berri bat kaleratu du mezuak bidaltzeko konfiantzazko kontaktuen artean.

Nahiz eta kanal ugari dauden sakelakoen eta sare sozialen bitartez komunikatzeko, ahoz ahokoa da oraindik zenbait gauza konpontzeko modu onena. Adibidez, norbaitek loreak ureztatzea nahi baduzu oporretan zauden bitartean, pisukide bila bazabiltza edo zakurra zaintzeko konfiantzazko norbait aurkitu nahi baduzu. Baliteke horrelako eskaerak argitaratu nahi ez izatea edo argitaratuz gero ere erantzunik ez jasotzea.

Perpetuall euskal enpresak aplikazio mugikor bat kaleratu du komunikatzeko bide zuzen eta pribatuago hori erreproduzitzen duena, Bolalá mezularitza sistemaren bidez. “Betiko ahoz ahokoa automatizatu dugu, esaten den hori konfiantzazko kontaktuen artean zabaldu dadin”, azaldu du Carlos Polo, Perpetuall enpresako zuzendari nagusiak, “kalera jaitsi eta lagun bati zerbait galdetzen diozunean bezala”.

Aplikazioa bi lagunen arteko elkarreraginean oinarritzen da, mezua jaso duenak ez baitaki nork gehiagok jaso duen. Horrela, pribatutasuna handitzen da, eta gainera, erantzuna jasotzeko aukerak biderkatzen dira, baten eta askoren arteko elkarreraginekin alderatuta. Carlos Polok azaldu duenez, “Facebooken edo Whatsapp talde batean eskaera bat egiten duzunean, askotan ez du inork erantzuten, edo beste mezu askoren timeline-aren barruan galtzen da zurea”, “Bolalá aplikazioak modu desberdin bat erabiltzen du komunikatzeko ”.

Aplikazio horri esker, mezuak kate bihurtzen dira, jasotzen duten pertsonek birbidali egin baitiezaiekete lagungarri izan daitezkeen konfiantzazko kontaktuei. Horrelako kasuetan, elkarrizketak pribatuak dira, mezu zuzenak bidaltzen direlako, gainera, lehen eskaria egiten duenak kontrola mantentzen du beti, aukera duelarik gelditzeko edo mezu guztiak ezabatzeko nahi duenean.

Perpetuall enpresako lantaldeak funtzionaltasun gehiago erantsi nahi dizkio pixkanaka, mezuak bidaltzea eraginkorragoa izan dadin, esaterako, aplikazioak gomendatutako lagun zerrenda dinamikoak sortzea, mezuaren gaiaren edo kontaktuen kokapenaren arabera. Aplikazioa martxoaren 31n plazaratu zen, eta egun gutxitan 18.000 mezu bidali dira erabiltzaileen artean.

Perpetuall DeustoKabi haztegiaren barruan sortutako enpresa bat da. Izen bereko lehen aplikazioak aukera ematen du telefono mugikorreko agenda beti eguneratuta edukitzeko; segurtasun kopiak egiten ditu eta automatikoki sinkronizatzen du informazioa kontakturen batek bere datuak aldatzen baditu. Aplikazio hori 2014aren hasieran kaleratu zen, eta une honetan 190.000 erabiltzailetik gora ditu; horietatik 2.300 inguruk Premium ordainketaren funtzionaltasunak aukeratu dituzte gainera.

 

Mezuak zabaltzeko aplikazio bat

[embed_blog_up_euskadi id=”1″

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke