Blockchain sareak, enpresei segurtasuna eta negozioa ematen dien teknologia iraultzailea

2017ko Iraila 13,

blockchain jornada
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean azaldu dira datu-base horien abantailak,  komunikazioari Internetek egin dion ekarpena egingo baitiete negozioei.

 

Ziber-segurtasuna enpresa guztien lehentasuna bihurtzen ari den une honetan, gero eta gehiago dira jarduera industriala babesteko konponbideak. Konponbide iraultzaileenetako bat Blockchain sareak dira, garatuta daudenean ezinezkoa bihurtzen baitute sabotajea, Tecnalia zentroko ziber-segurtasun arloko arduradun Oscar Lageren arabera.

 

“Gaur egungo teknologia disruptiboenetako bat da, Interneten sorrerarekin bakarrik konparatu daitekeena”, esan du Lagek, SPRI Taldeak (enpresen garapenerako euskal agentziak) Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean antolatutako jardunaldi batean. Diotenez, Internetek komunikazioari egin dion bezalako ekarpena egingo die teknologia honek negozioei.

 

“Blockchain guztiz deszentralizatutako datu-base bat da, transakzioak gordetzen dituena, eta bertako informazioa adostasunez onartzen da. Datu-bloke bakoitza enkriptatuta dago. Erabiltzaile bakoitzak bi pasahitz ditu, pribatua eta publikoa, eta helbide bat sortzen da, gure posta elektronikoa edo telefonoa bezala. Hortik aurrera edukiak sortu daitezke, eta norberaren pasahitz pribatuarekin sinatu. Behin sinadura baliozkotu ondoren, gainerako nodoetara zabaltzen da”, laburbildu du Lagek.

 

“Horrelako kateak saboteatzea sei bloke (eduki-baieztapen) dituztenean, ezinezkoa da”, erantsi du. Teknologia hori dagoeneko aplikatzen da. 2014an sinatu zen lehen ezkontza kontratua blockchain teknologiaren bitartez.

 

Jaime Berrocalek, IBM enpresako Blockchain arduradunak, azaldu duenez, “joko-zelai neutrala da negozioentzako, adostasunez egina, jaberik gabea, eta parte-hartzaile guztien sareen artean banatua. Mundu guztiak ikusiko du informazio bera”. Berrocalek azpimarratu duenez, “edonork ezin du parte hartu, lehendabizi funtzionamendu arauak onartu behar dira eta gero gainerako partaideen baimena lortu”. Gainera, ez dauka administratzailerik, “eta horrexek erakusten du sareak ez daukala jaberik”.

 

Hainbat kasi arrakastatsu

Jardunaldian hainbat kasu arrakastatsu azaldu dira. Adibidez, Suitzako UBS banku-taldearena, zeinaren negozioa baita enpresen arteko merkataritza kudeatzea. “Enpresei zerbitzu emateko sare bat sortu zuen. Kanpo-merkataritzako operazioetan paper asko behar izaten da, eta sarearen bidez dokumentu guztiak desagerrarazi ziren”. Aipatzekoa da baita ere Walmart-en kasua, Txinako txerrikiaren jatorriaren arazoa konpontzeko aplikatu baitzuen. “Trazagarritasun sistema bat sortu zuten eta bertan inplikatu zituzten ekoizleak, banaketako enpresak, logistikako enpresak, dendak eta kalitate laborategiak, sistema horren bitartez bermatzeko ziklo guztia blockchain sarean erregistratuta dagoela. Iruzur bat detektatuz gero, jakin daiteke non gertatu den”.

 

Beste adibide arrakastatsu bat Everledger enpresa da, munduan saltzen diren diamanteen %80 kudeatzen duena. Blockchain sareetara jo du diamanteen jatorriaren jarraipena egiteko, “leunduta dauden momentutik aurrera. Sinadura kristalografiko bat egiten zaio diamanteari eta jarraipena egiten zaio prozesu guztian zehar, harik eta jabearengana iristen den arte. Erregistratuta gelditzen da nork daukan diamantea eta nondik igaro den. Diamantea lapurtu edo galduz gero, informazio guztia eskura dago”. Berrocalek aipatu du elkarren lehiakide diren enpresek ere kolaboratu dezaketela Blockchain sare batean. “Zazpi bankuk –hala nola HSBC, Deutsche Bank edo Societe Generale-k–, sare bat sortu dute ondasunak esportatu edo inportatu nahi dituzten enpresentzat. Kudeaketa sinpletzen dute eta merkatu-kuota irabazten ari dira”.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke