ES | EU


2017ko Martxoa 07


Ludus startup-ak simulagailu bat sortu du %100 errealistak diren inguruneetan entrenatzeko.

Ludus enpresak Bizkaiko Suhiltzaile Zerbitzuarentzat sortu duen entrenamendu sistemak hiru eszenatoki desberdin irudikatzen ditu errealitate birtualean, hirurak Bilboko superportuan. Suhiltzaileek aurre egin beharko diote merkatu-gai arriskutsuak daramatzan ibilgailu baten trafiko istripu bati edo sute bat itzali beharko dute biltegi batean edo prebentziozko erreten bat egin beharko dute. Beti irudikatzen dira fase guztiak, hasi parkean abisua jasotzen denetik eta gertakariaren eszenatokira iritsi arte, eta suhiltzaileek erabakiak hartu behar dituzte gertatutakoa konpontzeko.

“Simulagailuaren alderdi garrantzitsuena da aukera ematen duela bizitza errealean irudikatu ezin diren egoerak erreplikatzeko, garestiak direlako edo, besterik gabe, ezin direlako, merkatu-gai kimikoen istripua kasu”, azaldu du Mikel Cearsolok, Ludus enpresako zuzendari nagusiak; “gainera, %100 segurua den ingurune batean egiten da; betaurrekoak jarri orduko Bilboko superportuan zaude eta elkarreragiten hasten zara sortzen diren arriskuekin”.

 

Enpresak bederatzi hilabete behar izan ditu proiektua garatzeko; eta denbora horretan, lantaldeak Suhiltzaile Zerbitzuarekin batera lan egin du bizitza errealari egokitutako eszenatokiak, egoerak eta aldagaiak sortzeko. Entrenamenduan gainbegirale baten figura ere badago, hark kontrolatzen du gertatzen dena. Pertsona horrek aldagai batzuk alda ditzake denbora errealean, esaterako meteorologia -halako moldez non simulazioaren garapena aldatzen baita- eta zein erabaki hartu behar diren. “Simulakroak baldintza oso zehatz batzuetan baino ezin dira egin, egun horrek dituenetan hain zuzen, eta ezin dira aldatu” azaldu du Ludus enpresako zuzendari nagusiak “kasu honetan, simulazioak bukaera desberdin asko izan ditzake, gainbegiraleak aldatu egin baititzake hainbat aldagai: tenperatura edo haizearen norabidea eta indarra”.

 

Ludus enpresako lantaldeak dagoeneko instalatu du ikasgela birtuala Uriosteko suhiltzaile parkean. Orain hobekuntzak eta eguneraketak inplementatu ahal izango dituzte urrunetik eta suhiltzaile taldearen feedback-a jasoko dute. Etorkizunari begira, Bilboko enpresak errealitate birtualeko entrenamendu-simulagailuaren fase gehiago garatu nahi ditu, eta eszenatoki berriak ere bai.