Bizitza xake taularen bigarren erdian

2017ko Martxoa 13,

Tablero de ajedrez.
Hitzaldiaren helburua da aurrerapen teknologikoak izango dituen ondorioak ulertzea.

Barak Berkowitz-ek hitzaldi bat emango du Donostian azelerazio teknologikoaren inpaktuari buruz.

 

Gordon E. Moore-k, Intel enpresaren fundatzaileak, hauxe esan zuen 1965ean: “12 hilerik behin bikoiztu egingo da mikro-prozesagailu baten barruko transistore kopurua, eta hazkunde esponentziala izango du”. Moore-n Legea deitzen zaio baieztapen horri. Egileak birformulatu egin zuen hamar urte geroago, esanaz hazkundea 24 hilabeterik behin emango zela, eta legea bete egin da azken 50 urteotan. Joera horren ondorioz, ordenagailuen prozesatzeko gaitasuna hazi egin da beren tamaina eta prezioa murriztu diren erritmo berean.

 

Datorren martxoaren 22an, Barak Berkowitz-ek (MITeko Operazio eta Estrategia zuzendariak) Bizitza xake taularen bigarren erdian izeneko hitzaldia emango du Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean. Paralelismo bat eginaz mahai-joko horren asmatzailearen legendarekin, Berkowitz-ek bere hitzaldian azalduko du nola egokituko garen teknologien aurrerapen esponentzialera datozen hamarkadetan.

 

Berkowitz-ek hizpide izango du azelerazio teknologikoak gizartean eta antolakundeetan duen inpaktua eta nola aldatu behar dugun berrikuntza ulertzeko modua. Horretarako, erreferentzia bezala hartuko du Erik Brynjolfsson eta Andrew McAfee-ren The Second Machine Age liburua. Liburu horretan, egileek etorkizun hurbil bat marrazten dute, non makinak gu baino adimendunagoak izango baitira, eta gogoeta egiten dute jakiteko zer egin dezakegun errealitate horri egokitzeko.

 

Hitzaldiaren helburua da aldaketa teknologikoek gizartean eta ekonomian izango dituzten inplikazioak ulertzea, aldaketa horiek kudeatzera zuzendutako estrategiak eraikitzeko. Barak Berkowitz MarketCentrix enpresako fundatzailea da, eta baita ere Bind 4.0, Industriarako nazioarteko startup azeleragailuaren (Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailak garatua SPRI Taldearen bitartez) tutore taldeko kidea.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke