Bial taldeak Roxall enpresari saldu dio bere alergologia saila, eta horren barruan Euskadin daukan I+G-ko zentroa

2017ko Otsaila 01,

Instalaciones de Bial en el Parque Tecnológico y Científico de Bizkaia.
Bial taldearen I+G-ko eta ekoizpeneko zentroa Bizkaiko Teknologi Parkean (Zamudio).

Bial talde portugesak Roxal konpainia farmazeutiko alemanari saldu dio Bial Aristegui, bere “immunoterapia alergikoko” unitatea. Operazio horrek bere baitan hartzen du konpainiak Bizkaiko Teknologi Parkean daukan ekoizpeneko eta I+G-ko zentroa.

 

Bial taldeak azaldu duenez, “immunoterapia alergikoko negozio saila salduta” aukera izango du “bere jarduera bideratzeko nerbio sistema zentralerako eta bihotz-hodien sistemarako medikamendu berrien garapenera eta ikerketara (I+G)”. Gainera, horrela Portugalen zentratuko du “ikerketa- eta industria-jarduera guztia”. Bial taldeak arestian garatu dituen medikamenduen artean aipatzekoak dira epilepsia tratatzeko Zebinix® (2009) eta Parkinsona tratatzeko Ongentys® (2016).

 

Bial taldeak “medikamenduen negozio unitatea” mantenduko du Espainian, non 170 lagun inguruk lan egiten baitute. Lantegi horretantxe zentratuko ditu neurologia, barne-medikuntza, kardiologia eta emakumearen osasun espezialitateetarako produktuak. Enpresak bere jakinarazpenean azaldu duenez, “Espainiako merkatuak 60 milioi euroko fakturazio bolumena izan du medikamenduetan 2016an, eta hemendik aurrera ere lehentasuna izango du enpresaren nazioartekotze programan”.

 

Bial Aristegui –alegia, saldutako unitatea- espezializatuta dago alergien aurkako txertoen eta alergiak diagnostikatzeko bitartekoen garapenean, ekoizpenean eta merkaturatzean. Operazioak bere baitan hartu ditu Espainia, Portugal eta Italiako alergologia arloetako merkataritza sailak (2016an BIAL taldearen fakturazio globalaren %7 izan zen), bai eta Bilboko I+G unitatea eta unitate industriala, 100 langile inguru dituena, guztiak integratuko direlarik Roxall enpresan.

 

Bial taldea 1998an hasi zen immunoterapia alergikoaren arloan lanean, esparru horrexetan ziharduen Bilboko Ifidesa Aristegui fabrika erosi zuenean. Jarduera hauek sustatzeko, Bial taldeak I+G-ko eta medikamendu ekoizpeneko zentro bat eraiki zuen Bizkaiko Teknologi Parkean, 12 milioi euroko hasierako inbertsioa eskatu zuena eta 2012an inauguratu zena. Operazio hori inbertsio plan zabalago baten barruan kokatu zen, zeinak guztira 30 milioi eurotara jotzen duen.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke