Berrikuntzarako tresna europar berria: “Fast Track to innovation”

2015ko Urtarrila 16,


imagen_spri_horizon2020

Iragan urtarrilaren 9an Europako Batzordeak ekitaldi bat antolatu zuen Bruselan “Bide azkarra berrikuntzarantz” izeneko deialdia abiarazteko; ekintza pilotu berri bat da, 100 milioi euroko aurrekontua izango duena Horizontea 2020 programaren markoan. “Bide azkarra berrikuntzarantz” ekimenaren helburua da Europako ekonomiari laguntzea, diru-laguntzak eskainiz enpresa eta erakunde berritzaileei behar duten azken bultzada izan dezaten ideia handiak merkatura eramateko.

Jardunaldian ondoko gaiok aztertu zituzten:

Zer da Fast Track to Innovation ekintza?

Europako Batzordeak esan zuen FTI ekintza pilotua dela Horizontea 2020 programako ekimen bakarra edozein teknologia edo aplikazio eremutako proposamenei zabalik dagoena, eta funtsak emango dituela merkatutik hurbil dauden enpresa arloko proiektuentzako. Azpimarratu zen ekintzaren helburua dela eginahalean murriztea ideia berritzaileek merkatura iristeko behar duten denbora, EBko ikerketa funtsen eskatzaile berrien parte-hartzea estimulatzea, eta sektore pribatuak ikerketan eta berrikuntzan egiten duen inbertsioa handitzea.

Zergatik parte hartu FTIn?

Batzordeko zerbitzuek azpimarratu zuten FTIn parte hartzea erabaki baino lehen beharrezkoa dela Europa, Estatu edo eskualde mailan dauden finantzaketa aukera guztiak aztertzea, eta hori azpimarratu ondoren, ekintza pilotu horretan parte hartzeko arrazoi on batzuk azaldu zituzten. Esan zutenez, FTI pilotuan finantzaketa eskuratzeak bermatzen du berrikuntzak baduela merkatura iristeko potentziala, proposamen bakoitza prozesu oso lehiakor baten bidez aukeratzen baita. Gainera, proiektuari ikusgarritasuna ematen dio EB mailan, urtean 50-70 ekintza inguru baino ez baitira finantzatuko, eta horrek aukera gehiago ematen ditu finantzaketa gehigarria lortzeko. Era berean, sektore arteko eta nazioarteko lankidetza sustatzen du, bidea ematen duelako berrikuntza arloko era guztietako eragileek elkarrekin lan egin dezaten (balio-kate berriak sortuz). Azkenik, aukera ematen du finantzaketa eskema berri bat erabiltzeko; eskema bat, finantzaketa azkarragoa ematen duena, merkatura bideratua dagoena eta inpaktuari berebiziko garrantzia ematen diona.

Nork parte hartu dezake FTIn?

Batzordeak gogorarazi zuen FTIren ekintzak berrikuntza ekintzak direla, eta, hortaz, berrikuntza zikloa ixteko gauza diren enpresei zuzenduta daudela.  Hiru eta bost erakunde juridiko arteko partzuergoek aurkeztu behar dituzte proposamenak; entitate guztiak legez ezarrita egon behar dute EBko herrialde kideren batean edo Horizontea 2020 programako bazkide den herrialderen batean. Beraz, ez da onartuko 5 kide baino gehiago dituzten partzuergoen proposamenik, eta hirugarren herrialdeetako bazkideak azpi-kontratatu ahalko dira, baldin eta kalitate-prezio erlazio hobearen printzipioa (best value for money) errespetatzen bada eta interes gatazkarik ez dagoela justifikatzen bada.

Ezinbestekoa da sektore industrialak parte-hartze nabarmena izatea partzuergoetan, esan nahi baita: (1) edo hiruzpalau bazkideko partzuergo batean gutxienez industria sektoreko bi parte-hartzaile daude; (2) edo bost bazkideko partzuergo batean gutxienez industria sektoreko hiru parte-hartzaile daude; (3) edo aurrekontuaren %60 gutxienez partzuergoko parte-hartzaile industrialei esleituko zaie;

Nolanahi ere, Batzordeak gogorarazten du FTI ekintza bateko bazkideak edozelakoak izan daitezkeela lege aldetik, hau da: egokia ikusten da industriaren, ETEen eta lehen eskatzaileen parte hartzea, baina bestelako antolakundeak ere –hala nola irabazi asmorik gabeko teknologi eta ikerketa zentroak– bazkide legitimoak dira eta oso egokiak partzuergorako.

Ekimen pilotuaren bidez finantzatutako ekintzek azken bultzada emango diete ideia berritzaile itxaropentsuei merkaturatuak izan aurretik. Ekimenaren helburua da merkatuak ideia horiek azkar barneratzea, hau da, FTI proiektua hasten denetik hiru urteko epean edo arinago. Batzordeak gogorarazi zuen konponbide erlatiboki helduak bilatzen direla, hots, 6. heldutasun maila teknologikoa (TRL) dutenak –berrikuntza teknologikoen kasuan–, eta antzeko heldutasuna dutenak teknologia arlokoak ez direnean ere. Horrek praktikan esan nahi du ezen aurkezten diren proposamen guztiek aldez aurretik arrakastaz frogatuta egon behar dutela ingurune operatibo batean eta, hortaz, merkatuak ondo hartuko dituelako aurreikuspenak errealak izan behar direla.

Nola inplementatuko da FTI?


FTI ekintza piloturako proposamenak 2015eko urtarrilaren 6tik aurrera aurkeztu ahal izango dira. Nolanahi ere, berriro diogu deialdi bakarra dela eta uneoro zabalik egongo dela, halako gisaz non proposamenak noiznahi aurkeztu ahal izango baitira urtarrilaren 6tik aurrera. Hiru ebaketa-egun adostu dira 2015. urtean zehar programa ebaluatzeko: apirilak 29, irailak 1 eta abenduak 1. Urte bakoitzeko hiru ebaketa-data horietan proposamenak ebaluatu eta kalifikatuko dira, eta finantzaketari buruzko erabakiak hartuko dira. Ebaketa-egun bakoitzetik hiru hilabetera itxiko da ebaluazio prozesua. Diru-laguntzak data horietatik sei hilabetera emango dira (hortaz, lehenbiziko diru-laguntzak urriaren amaiera inguruan sinatuko dira, ustez). 2016rako hiru ebaketa-egunak aurrerago ezagutaraziko dira. Aurreikuspenen arabera, aurten 20 laguntza inguru emango dira.

FTI ekimen pilotuak 200 milioi euroko aurrekontua du 2015 eta 2016 urteetarako (100 milioi euro urtean).

Nola egiten eta aurkezten da proposamen bat?

Proposamenak negozio plan batean oinarritu behar dira eta ez dute izango 30 orrialdetik gora. Irizpide hauetan zentratuko dira nagusiki: (1) inpaktu handia lortzea (ebaluazioan bostetik gutxienez lau puntu lortzea); (2)  bikaintasuna; eta (3) inplementazioa –azken bi horiek ere ebaluatuko dira, baina bakarrik baldin “inpaktua” irizpidean gutxieneko muga gainditzen bada.

Negozio planaren logikak eskatzen du proposamenak argi adieraztea zein izango den bere kokalekua eta garrantzia merkatuan, zein den bere ustiaketa estrategia –IPRa barne–, nolako finantzaketa beharko duen bermatzeko proposatzen den ekintza eskala handian hedatuko dela, zeintzuk diren balizko arrisku eta eragozpenak, eta baita ere kalkulu errealista bat inbertsioak emango duen mozkinari buruz. Proposamena sinesgarria izan behar da eta partzuergoaren anbizioa islatu behar du (hau da, partzuergoak frogatu egin behar du bere potentziala, bere gaitasuna eta bere jarrera estrategikoa esparru jakin bateko teknologia aurreratuenaz harago joateko).

Nola ebaluatzen da proposamen bat?

Ebaluazio prozesua hiru hilabetetan bukatu behar denez, Batzordeak argitu zuen ebaluazioa  urrunetik egingo dela. Proposamena lau adituri bidaliko zaie, eta laurek izango dituzte ezaugarri hauek: gauza izan beharko dira proposamenaren berrikuntza-potentziala ulertzeko, merkatu gaietan jantziak izan beharko dira eta enpresa arloko esperientzia izan beharko dute (inbertsiogile pribatuak, finantza arloko adituak, enpresari esperientziadunak, aholkulariak, e.a.). Ez da onartuko eskatzaile nagusiaren herrialde bereko ebaluatzaile bat baino gehiago izatea. Proposamenaren amaierako puntuazioa lortzeko, aditu bakoitzak emandako puntuazioen batez besteko aritmetikoa egingo da. Proposamena onartua izateko: 15 puntutatik 12 puntu lortu behar dira gutxienez, eta “inpaktua” irizpidearen kasuan, berriz, 5 puntutatik 4 puntu.

Arestian esan diren irizpideez gain, ebaluazio prozesuan paper garrantzitsua izango dute faktore hauek ere: industria sektoreko parte-hartzaileei esleituko zaien aurrekontuaren tamaina (ETEak barne), industria sektoreko parte-hartzaile kopurua (eta lehen aldiz aurkezten diren parte-hartzaileen kopurua) eta proposamenean partzuergoa ordezkatuko duten langileen arteko genero oreka.

Berrikuntza ekintza guztietan bezala, EBko finantzaketa maila kostu hautagarrien %70ekoa izango da (unibertsitateentzat eta irabazi asmorik gabeko organismoentzat izan ezik). Espero da EBk ekintza bakoitzeko milioi bat eta bi milioi euro bitarte jarriko duela; behar bezala justifikatutako kasuetan, ordea, EBren diru-laguntza 3 milioi eurorainokoa izan daiteke.

Zein da pilotuaren etorkizuna?

Batzordeak adierazi du 50 eta 70 ekintza bitarte lagunduko dituela lan-programa honetan eskura daukan aurrekontuarekin (100 milioi euro). Aurreikuspenen arabera, 2016ko programak ere antzeko ekintza kopurua finantzatuko du.

FTI ekimenak 2016tik aurrera ere jarraituko du esperientzia pilotua sakon aztertu ondoren lortutako emaitzen arabera.

 

Aburbilduz

– Ekintza pilotuaren helburua da produktu/zerbitzu/prozesu batek merkatuan sartzeko behar duen denbora murriztea. Proiektua hasten denetik emaitzak merkaturatu arteko epea askoz jota 3 urtekoa izango da.

– Bottom-up deialdi bat da, lidergo industrialaren eta erronka sozialen zutabeetako edozein eremu, sektore edo gairi irekirik dagoena. Proiektuak diziplina anitzekoak izan daitezke.

– 6. mailako (TRL-Technology Readiness Level  6) berrikuntza ekintzak dira eta, beraz, teknologia heldu batetik abiatu beharra dago.

– EBko herrialdeetako edo H2020 programari atxikitako herrialdeetako 3-5 bazkidek parte har dezakete, eta edozein erakundetakoak izan daitezke, baina partaide gehienek industriaren arlokoak izan behar dute.

– 3 milioi eurorainoko proiektuak dira; finantzaketaren intentsitatea %70ekoa da eta %100ekoa unibertsitateen eta irabazi asmorik gabeko organismoen kasuan.

– Deialdia etengabe zabalik egongo da 2015ean, baina 3 ebaketa-egun egongo dira ebaluazioa egiteko: apirilaren 29a, irailaren 1a eta abenduaren 1a.

– 2015. urterako aurrekontua 100 milioi eurokoa da.

– Proposamenean negozio plan bat aurkeztu behar da.
Lehenengo eta behin, “inpaktua” irizpidea ebaluatuko da eta horrek izango du garrantzi handiena.

 

Informazio gehiago hemen:

– Parte-hartzailearen ataria

http://ec.europa.eu/research/participants/portal/desktop/en/opportunities/h2020/calls/h2020-ftipilot-2015-1.html

2014-2015 lan-programa

http://ec.europa.eu/research/participants/data/ref/h2020/wp/2014_2015/main/h2020-wp1415-fast-track_en.pdf

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke