“Zuk ikasten baduzu, nik ere ikasiko dut”, ikasleak irakasle bihurtzen dituen proiektua

2015ko Azaroa 10,

IPI Sansomendi.

Gasteizko IPI Sansomendi ikastetxe publikoa hezkuntzako berrikuntzaren arloko erreferente bihurtu da, duela sei urte abiatu zen eta auzoko komunitate osoa inplikatzen duen proiektu bati esker. Bere ekimen arrakastatsuenetako bat etapa arteko tutoretza proiektua da, non ikasle zaharrenak irakasle bihurtzen baitira txikienei dakitena irakasteko.

Eskolako ikasle gehienak gizarte maila apalekoak dira, bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak; horregatik, ikastetxeak Euskadiko absentismo eta eskola porrot maila altuenak izan ditu hainbat urtetan. Egoera hori konpontzeko, irakasleek Ikaskuntza Komunitate bihurtu zuten  ikastetxea 2010ean, eta ikaskuntza dialogikoaren oinarriak bereganatu zituzten; filosofia horren arabera, pertsona batek besteekiko elkarreraginetik ikasten du eta helburutzat jartzen da ikasle guztiek arrakasta izan dezatela eskolan. Ikaskuntza komunitateen printzipioei jarraiki, inguruko beste eragile batzuen parte-hartzea ere bilatu zen, besteak beste, familiena, kaleko hezitzaileena, auzoko ijito elkartearena eta zerbitzu sozialena.

Eskolako absentismoa murrizteko eta bizikidetzako baloreak sustatzeko estrategiaren barruan, irakasleek etapa arteko tutoretzak bultzatu zituzten 2012an. Esperientzia horren bidez, berdinen arteko lankidetza sustatzen da eta ikasle zaharrenek ardurak hartzen dituzte. Proiektu horren bidez, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako azken ikasturteetako ikasleek lantzean behin eskolak ematen dizkiete  ikasle txikienei. Astean behin, ikasle zaharrenak irakasle bihurtzen dira eta neska-mutil gazteagoei laguntzen diete matematika ikasten edota irakurmena hobetzen. Horrez gain, hilean behin zientzia esperimentuen tutoretza egiten dute laborategian, eurek ikasitakoa oinarritzat hartuta.

Ekimen horrek helburu bikoitza lortu du: batetik, gazte eta zaharrenen hezkuntza gaitasunak hobetu ditu, eta bestetik, balio izan du eskola-uzte tasak murrizteko, ikasleek beren buruarekiko duten estimua hobetzeko eta elkartasunarekin, gizarteratzearekin eta erantzukizunarekin lotutako baloreak indartzeko. Ikastetxeak hainbat sari jaso ditu ekimen horri esker, esaterako 2014ko Hezkuntzako Sari Nazionala, “Hezkuntza arloko arrakastaren hobekuntza” kategorian.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke