Wolfang Dorstek Bilbon egingo den Basque Industry 4.0 ekitaldiaren 2. edizioan erakutsiko du nolako garrantzi estrategikoa duten teknologia berriek etorkizuneko fabrika garatzeko

2015ko Iraila 16,

spri_innovacion_Basque Industry 4 0
Kongresuaren kartela.

Dorst Alemaniako patronaleko (Bitkom e.V)  4.0 Industriaren arloko arduraduna eta 4.0 Industriari buruzko Alemania-Txina Batzordeko kidea da, eta Alemaniako Gobernuak sustatutako “4.0 plataforma industriala”ren inplementazioak dakartzan emaitzen txostena koordinatzen du. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRI Taldeak antolatu duten Kongresu hau urriaren 14an egingo da Euskalduna jauregian eta bertan bilduko dira hainbat arlotan (robotika kolaboratiboa, fabrikazio gehigarria, sistema ziberfisikoak, errealitate handitua, cloud computing-a edota big data) puntakoak diren zenbait enpresa eta teknologi zentro. 

Basque Industry 4.0, fabrikazio aurreraturako informazio teknologiei, elektronikari eta telekomunikazioei buruzko topaketa, bere bigarren ediziorako prestaketa-lanetan ari da. Topaketa hori Bilboko Euskalduna Jauregian egingo da datorren urriaren 14an. Aurten ere Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak eta SPRI Taldeak antolatu dute hitzordua, eta hizlari nagusi bezala Wolfgang Dorst gonbidatu dute, Alemaniako teknologia berrien patronaleko (Bitkom e.V) fabrika adimendunaren garapenerako “4.0 industria” estrategiaren arduraduna.

Alemaniako gobernuak hainbat aditu kontsultatu zituen laugarren iraultza industrialari aurre egingo zion estrategia bat prestatzeko, euren artean Dorst. Bitkom patronalean sartu baino lehen, Dorst-ek sektore teknologikoko hainbat enpresatan lan egin zuen, esaterako Oracle, Cisco Systems edo Sun Microsystems-en. Patronalaren barruan ekintza komun batzuk zuzentzen ditu EIKT-en berrikuntzak modu praktikoan aplikatzeko prozesu industrialetan. BITKOMek 1.100 enpresa baino gehiagoren (%90 Alemaniako EIKTen sektorekoak) interesak ordezkatzen ditu, zeintzuek 135.000 milioi euro inguru fakturatzen baitituzte urtean. Gainera, Dorst-ek “Alemaniako 4.0 plataforma industriala” inplementatzeak dakartzan emaitzak azaltzeko txostena koordinatzen du eta 4.0 Industriari buruzko Alemania-Txina Batzordeko kide da, zeinak Alemania eta Txinako enpresen arteko lankidetza sustatzen baitu ingurune industrial berri horretan aplikazioak garatu ditzaten.

Dorst-ek Bilbon azalduko du robotika kolaboratiboari, fabrikazio gehigarriari, sistema ziberfisikoei, errealitate handituari, cloud computing-ari edo big data-ri buruzko ikerketak ez direla jada utopia digitala, herrialde garatuenetako ekonomia-sarean errotuta daudelako beste industria batzuen produktibitatea hobetzeko konponbide bezala eta pisu propiodun negozio-eredu gisa. Halako aditu bat jardunaldira gonbidatu izanak argi erakusten du Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin duela euskal enpresak erabakigarria izango den iraultza industrial honetan parte hartzera bultzatzeko. Jaurlaritzak estrategia eta laguntza programa espezifikoak aurkeztu ditu, zeintzuei 5,2 milioi euro bideratu baitizkie, eta beste laguntza programa historiko batzuk ere egokitu ditu lehentasun berri hauen arabera.

Dorst-en hitzaldiarekin batera, ekitaldiaren bigarren edizio honetako programa osatzeko enpresen kasuen aurkezpenak eta tailerrak eskainiko dira, Euskadin teknologia berrien integrazioan lan egiten duten enpresa eta teknologi zentro garrantzitsuenen eskutik.  Era berean, erakusketa-eremu bat prestatuko da eta bertan izango dira Tecnalia, IK4, Dimensión Data, Mizar, Sisteplant, Pixel Sistemas, Semantic Systems, Meteo For Energy, Nexmachia eta Makina-Erreminta Fabrikatzaileen Elkartea (AFM).

Jardunaldian dagoeneko 500 lagunek eman dute izena, eta beraz, uste guztien arabera, bigarren edizio honek aise gaindituko du lehenengo edizioko parte-hartze maila. Iaz 640 lagun bertaratu ziren eta Wahlster irakaslea, Alemaniako Adimen Artifizialeko Ikerketa Zentroko (DFKI) zuzendaria, izan zen hizlari nagusia.

Basque Industry 4.0 jardunaldiaren bigarren edizio honekin indartu egin nahi da Eusko Jaurlaritzak eta euskal industriak egin duten apustua enpresetan 4.0 industria garatzeko, eta bertan ikusiko dira zeintzuk diren Euskadik EBko RIS3 Espezializazio Adimenduneko estrategia lideratzen jarraitzeko ezarri dituen lehentasunak, kontuan izanik gure kasuan estrategia hori hiru alderdi hauetan oinarritzen dela: Fabrikazio Aurreratua, Energia eta Bio-osasuna. Eusko Jaurlaritza administrazio aitzindarietako bat da EBko zuzentarauak aplikatzen. Zuzentarau horiek beharrezko jotzen dute baliabideak eta inbertsioak kontzentratzea lehendik existitzen diren produkzio gaitasunekin eta eskualde edo herrialde bakoitzeko potentzialtasunekin sinergia argiak sor daitezkeen eremuetan.

 

Basque Industry 4.0 Gidaritza talde publiko-pribatua

 

Iragan ekainaren 30ean, estrategia hau lideratuko duen Gidaritza Taldea eratzeko ekitaldia egin zen Iñigo Urkullu lehendakariaren presidentziapean.  Batzorde horretan erakunde publiko eta pribatuetako hainbat ordezkari daude, hala nola: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko ordezkariak, Arantxa Tapia sailburua buru delarik; SPRI; Tecnalia eta IK4 aliantza teknologikoak; Innobasque Agentzia; CIC Margune; Mondragon Korporazioa Mondragon Unibertsitatearen bitartez, eta AFM, ACICAE, Gaia eta Energia klusterretako arduradunak. Batzordeko presidentetza errotazioz aldatuko da eta hasieran Antón Pradera, CIE Automotive klusterreko presidenteak beteko du kargu hori.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak oraintsu jarri ditu martxan hiru programa berri teknologia berriak inplementatzeko manufakturako industrietan, ETEetan eta euskal enpresa-sarean. Hiru programek (Basque Industry 4.0, Industria Digitala eta Lankidetza Digitala) 5,2 milioi euroko aurrekontua dute eta SPRI Taldearen web orrian eska daitezke (www.spri.eus). Kopuru hori honela banatzen da: Basque Industry 4.0 programak 2,1 milioi euroko aurrekontua du; Industria Digitala programak 2,4 milioi euroko aurrekontua; eta Lankidetza Digitala programak 670.000 euroko aurrekontua.

Programa horiek eta teknologiako programetarako 133,6 milioi eurorainoko zuzkidurak onartu izanak agerian uzten dute Eusko Jaurlaritzaren apustu sendoa Fabrikazio Aurreratuaren alde. Fabrikazio Aurreratuaren aldeko apustu hori Basque Industry 4.0  estrategian mamitzen da, izen bereko jardunaldiaren lehen ediziotik bultzatu zen markan alegia.

Indartu egiten da berrikuntzaren aldeko apustua Fabrikazio Aurreratuaren arloan, elementu kritikoa delako lehiakortasuna mantentzeko industrian eta balio erantsi handiagoko merkatu-nitxoetan posizionatzeko, bai eta manufakturaren industria indartzeko Euskadiko produkzio-egituran.

Basque Industry 4.0 estrategia bat dator Euskadiko Espezializazio Adimenduneko Estrategiarekin, 2014-2016. Industrializazio Planarekin eta ZTBP2020rekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke