UrbanBAT jaialdiak hiriko txokoetako aukera-espazioak aztertzen ditu

2015ko Urria 29,

UrbanBAT jaialdiaren kartela

Azaroaren 19tik 21era UrbanBAT topaketa egingo da Bilbon. Hirigintza eta berrikuntza sozialeko jardunaldi batzuk dira, helburutzat dutenak hiria ulertzeko modu desberdinak bateratzea, ko-sorkuntzarekin eta hiriko ingurunearen eraldaketa kolektiboarekin lotutako ikuspegitik. Iazko jaialdian “Hiri ikusezina” izan zen gai nagusia, eta aurtengo 4. edizioan alterotopiak landuko dituzte.

Antolatzaileek azaldu dutenez, alterotopiak  (“beste” eta “toki”) dira “gaur egungo hirigintzako programek ezaugarritzat dituzten normalizazio eta homogeneizazioaren alternatibak eraikitzeko zirrikituak”. Hala, topaketa honetako espazioak “besteekin eraikiak”, auto-ekoitziak eta eragile anitzen arteko lankidetza prozesuen bidez kudeatuak izango dira, eta zalantzan jarriko dituzte ohiko hirigintza praktikak.

Zaramari elkarteak Colaborabora kolektiboaren laguntzarekin antolatu du jaialdi hau, eta hitzaldiak, mahai-inguruak eta kultur jarduerak eskainiko dira hiru egunez. Egitaraua hilaren 19an (osteguna) hasiko da Alteroto…¡¿qué?! tailerrarekin. Ginkana kolektibo horren helburua da “jendea  alterotopien presentziaz kontzientziatzea, presente daudelako gure eguneroko bizitzan, eta azaltzea nola eraikitzen ditugun eta nola bizi ditugun alterotopia horiek, eta baita ere kontzientzia horretatik abiatuta, hausnartzea nola baliatu ditzakegun”.

Hilaren 20an (ostirala) hitzaldien jardunaldi bat antolatuko da eta honako hauek parte hartuko dute: Frantziako Atelier d’Architecture Autogénére plataforma kolektiboak, zeinak hiriko praktika gorakorrak aztertzen baititu; Iago Carro arkitektoak eta Egosfera taldeko kideak; eta  Ethel Baraona arkitektoak eta dpr-barcelona erakundeko komisario eta fundatzaileak. Mahai-inguruetan San Frantzisko eta Bilbo Zaharra auzoetako biztanleek aurkeztutako gatazka eta premiak aztertuko dituzte. Hona hemen lan-mahai horietan landuko diren gai batzuk: emakumea eta espazio publikoa; gentrifikazioa; kudeaketa kolektiborako espazioak; berrikuntza sozialerako eta bizikidetzarako plazak; aniztasuna eta dinamika biziatuak. Bertaratzen direnek aukera dute zeinetan parte hartu erabakitzeko. Azkenik, hilaren 21ean (larunbata), parte-hartzaileek bisita bat egingo dute Bilbo Zaharreko eta San Frantzisko auzoko kaleetan barrena, alterotopia kontzeptuaren atzean dauden ideiak islatzen dituzten espazioak ezagutzeko.

UrbanBAT jaialdia Zaramari elkartearen izen bereko kultur proiektuaren parte da. Ekimen horren helburua da hiriko espazioak eskaintzen dituen ikaskuntzei buruzko ikerketa kolektiboa bultzatzea, topaketak, tailerrak eta askotariko jarduerak antolatuz urtean zehar. Hona hemen jaialdiaren laugarren edizioko laguntzaileak: Eusko Jaurlaritzako Sorkuntza Fabrikak, Ehulkultura, Bilbo Zaharreko eta San Frantzisko eta Zabala auzoetako Plan Komunitarioko Bulegoa eta Institutu Frantsesa.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke