UPV/EHUko katedradun bat, munduko telekospiorik handienaren batzorde zientifikoko kide

2015ko Urria 14,

Spri_innovación_UPV-EHU
Agustín Sánchez-Lavega

Agustín Sánchez-Lavega UPV/EHUko astrofisikaria Txileko Atacama basamortuan eraikitzen ari den munduko teleskopiorik handiena (E-ELT) koordinatuko duen programa zientifikoaren batzordeko kide izendatu dute.

E-ELT (Europako Teleskopio Izugarri Handia) deritzon teleskopioa ingeniaritza aurreratuko ekipamendua da. Europako ikerketa-Azpiegituren Planari atxikitako ekipamendu honen eraikuntza-lanak 2024an amaituko dira, 1.000 milioi euroko inbertsioa tarteko.

Batzordearen barruan, Sánchez-Lavega irakasleak teleskopio erraldoiaren bidez egingo den ikerketaren diseinuan eta horretarako beharko diren abangoardiako tresnen definizioan lan egingo du.

Teleskopioak argi ikusgaiaren eta infragorri hurbilaren esparruko era askotako objektu astronomikoen behaketa eta eguzki-sistemaz kanpoko planeten atmosfera, planeten formazioa eta urruneko galaxiei buruzko ikerketa ahalbidetuko du. Gainera, unibertsoko energia eta materia ilunari buruzko ikerketa erraztuko du.

Ekipamendu honen laguntzaz, adituek Unibertsoaren pertzepzioa bezalako neurri handiko erronka astronomikoei aurre egin ahal izango diete.

Horrez gain, katedradun honen jarduna aintzakotzat hartuz, astronomia programak bultzatu eta koordinatzeaz eta Espainia Nazioarteko Astronomia Batasunean ordezkatzeaz arduratzen den Sustapen Ministerioaren menpeko Astronomia Batzorde Nazionaleko (CNA) kide izendatu dute.

Sánchez-Lavega, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Unibertsitate Eskolako Fisika Aplikatuko katedraduna, eguzki sistemaren ikerketan jardun eta nazioarteko ospea lortu duen astrofisikaria da.

Europako teleskopioekin eta NASA eta ESAren misio espazialetan egindako behaketei esker, Venus, Marte, Jupiter, Saturno, Titan, Urano, Neptuno eta eguzki-sistemaz kanpoko planeten atmosfera ikertzen lagundu du.

Bere ikerketen emaitzen eraginez, Sánchez-Lavega lau aldiz agertu da Nature aldizkariaren azalean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke