UPV/EHUk kongresu bat antolatu du enpresen balio soziala kuantifikatzeko

2015ko Maiatza 21,

spri_innovacion_MonetizandoValorSocial
UPV/EHUren irudia.

Ikuspegi korporatibo tradizionalari jarraiki, antolakundearen errendimendua neurtzen da akziodunentzako sortzen duen balioaren arabera, eta beraz akziodunen premiak dira erabakiak hartzeko oinarri nagusia. Stakeholder teoriak ordea ikuspegi zabalagoa defendatzen du, beste alderdi interesatu batzuk ere barne hartuz, hala nola langileak, kontsumitzaileak, hornitzaileak eta enpresa kokatuta dagoen komunitatea.

Balio soziala monetizatuz III. Ikerketa Konferentziaren helburua da teoria horretaz hausnartu eta ezagutzera ematea eta antzeko beste ikuspegi batzuk zabaltzea, zeintzuen xedea baita antolakunde batek emaitza kontuaz harago sortzen duen balio soziala kuantifikatzea. Topaketa horretan aztertuko da erakunde batek gizarte osoari ematen dion benetako balioa, zeinak antolatzaileen esanetan, hiru dimentsio osagarri baititu: “inpaktu soziala duen balio ekonomikoa, administrazioarentzako itzulera sozioekonomikoa eta balio sozial espezifikoa”.

Kongresu hori, ekainaren 23an eta 24an egingo dena UPV/EHUren Bizkaia Aretoan, hainbat erakunderen laguntzarekin antolatu da: Euskal Herriko Unibertsitatea, Lantegi Batuak, Erromako Kluba, Aurkilan Business Ethics Research Institute eta Deustuko Unibertsitatea, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Jardunaldiek gaikako  bost ardatz izango dituzte: balio sozialaren kontzeptualizazioa, stakeholder teoria, enpresek balio soziala neurtzean dituzten interesak, balio soziala aztertzeko ereduak eta Social Polyhedral Model (SPOLY), balio soziala monetizatzeko tresna.

Topaketa profil desberdinetako jendeari zuzenduta dago, hala nola enpresari eta ikerlariei, aholkulariei, esparru desberdinetako profesionalei, ikasleei eta publiko orokorrari, zeren ardatz horiek sakontze-maila desberdinentzat pentsatutako jardueren bitartez garatuko baitira.

Konferentzia hau UPV/EHUko ECRI Ethics in finance and governance taldearen barruan kokatuta dago, zeinaren helburua baita enpresak kudeatzeko eredu berritzaileak bilatzea, balioa sortzeko finantza etikoetatik abiatuta.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke