TZBZ berrikuntzako aholkularitzak The Makery espazioa jarri du martxan Bilbon

2015ko Maiatza 22,

spri_innovacion_TheMakeryTZBZ
The Makery.

The Makery “XXI. mendeko maker-ak sortzeko gunea da”, hala dio behintzat espazioaren bultzatzaileak, hots, hezkuntza eta enpresa munduan zentratutako TZBZ berrikuntza kooperatibak. Bilboko erdigunean kokatutako espazio horrek duela gutxi ireki ditu bere ateak, eta ekintzaile, enpresa, ikastetxe nahiz maker komunitateei zuzendurik dago.

Prestakuntzan eta produktu berrien prototipatuan zentratutako berrikuntza irekiko laborategi bat da, eta fabrikazio digitaleko tresnak erabiltzen ditu, hala nola 3D inprimagailuak, robotikako proiektuak diseinatzeko softwarea eta hardwarea, errealitate birtuala eta dispositibo interaktiboak.  Enpresa munduari zuzendurik dagoelarik, The Makery espazioak berrikuntza metodologietan oinarritutako laguntza prozesuak eskainiko ditu, hasi merkatuen analisietik eta negozio eredu berriak probatzeraino. “Prestakuntza pertsonalizatua eskaintzen dugu eta ekintzaileak gidatzen ditugu tresnekin esperimentatu dezaten” azaldu du Asier Albuquerquek, proiektuko arduradunetako batek, “badakigu garestia dela prototipoak egitea, eta espazio honek aukera ematen du berrikuntza prozesuak azkarrago eta merkeago garatzeko”.

Hezkuntza arloari dagokionez, The Makery espazioak tailerrak eta ate irekien jardunaldiak antolatuko ditu eta horrela saiatuko da fabrikazio digitalaren mundua gazteen artera hurbiltzen: bideojokoen sorkuntza, 3D diseinua, robotikaren hastapenak eta fabrikazio gehigarria, e.a. Era berean, eguneko paseak edo bazkide kuotak eskainiko dituzte instalakuntzak erabiltzaileei irekitzeko. Ekimenak TuMaker euskal enpresaren laguntza jaso du.

Espazioak maiatzaren 18an ireki zituen bere ateak eta The Makery espazioaren inaugurazio ofiziala ekainaren 19an izango den arren, lantaldea dagoeneko hasia da datozen asteetarako jarduerak programatzen. Ekimen honen atzean TZBZ dago, LEINN-Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza graduko ikasle ohi batzuek 2013an sortutako kooperatiba. Enpresa eta hezkuntza munduko aholkularitzan espezializatuta dago, eta berrikuntza irekiko eta learning by doing printzipioan oinarritutako metodologiak erabiltzen ditu.

TZBZko lantaldeak bultzatu dituen ekimen propioen artean, aipatzekoak dira, The Makery espazioaz gain, baita ere Global Futurizer berrikuntza irekiko prozesua, zeinaren bidez unibertsitateko gazteek diziplina anitzeko taldeetan lan egiten baitute enpresek proposatutako erronkentzako konponbide berriak bilatzeko, zubiak eraikiz mundu akademikoaren eta lan munduaren artean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke