Travel for All Bizkaia ekimenak ezgaitasuna duten pertsonak inplikatzen ditu eskaintza turistikoen diseinuan

2015ko Azaroa 04,

Miguel Nonay parapente egiten.

Miguel Nonay bloglari zaragozarra Bizkaian dabil egunotan, jarduera turistiko egokituak egiten eta gurpildun aulkian dauden pertsonentzako aisialdiko eskaintzak probatzen. Nonay-k atsegin ditu abentura-kirolak, eta beraz honelako esperientziak aukeratu ditu: Enkarterrietako meatzeak zeharkatzea 4×4 egokitu batean, karting saio bat egitea Gueñesen eta auto anfibio bat probatzea Zugaztietan. Horiez gain, aisialdiko beste hainbat jarduera ere probatuko ditu astean zehar.

Esperientzia hau Travel for All Bizkaia proiektuaren barruan antolatu da, eta bidaia irisgarriak eskaintzen dituen Travel for All agentziak bultzatu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ekimen honen helburua da ezgaitasunak dituzten pertsonen kolektiboak inplikatzea aisialdi-jarduera egokituak diseinatzeko eta probatzeko prozesuetan. Bide horretatik, beren premiei erantzungo dieten turismo arloko esperientzia berriak sortu nahi dira.

“Ideia bururatu zitzaigun ohartu ginelako ezgaitasuna duten pertsonentzako produktu turistikoak oso urriak direla” azaldu du Andrés Ginések, Travel for All bidaia agentziako fundatzaileetako batek, “produktu erakargarriak lortu behar ditugu, eta horretarako funtsezkoa da kolektiboei entzutea eta argi jakitea zeintzuk diren beren premia eta zailtasunak”. Ekimenaren arduradunak hainbat kolektibotako arduradunekin elkartu ziren urrian, haien proposamenak ibilbideen diseinuetan sartu zituzten, eta azaroan hasi dira ibilbide horiek martxan jartzen.

Lehen astean Miguel Nonay etorri da, eta datozen asteetan beste hiru kolektibotako ordezkariak etorriko dira: Álvaro Ortega, Euskal Gorrak erakundeko presidentea, Síndrome de Down Cantabria Elkarteko kide bat eta Bizkaiko itsuen kolektiboko pertsona bat. Aisialdiko esperientzien artean daude museoak, txangoak itsasadarrean, mendiko ibilbideak eta jatetxe egokituak. Amaitzean, Travel for All-eko lan-taldeak parte-hartzaileen inpresioak bilduko ditu, eta turismo arloko pakete egokituak diseinatzeko erabiliko ditu.

 Andrés Ginések azaldu duenez, “proiektu honekin turismo arloko enpresak ere sentsibilizatuko ditugu, merkatu nitxo bat dagoelako, eta eskubide bat izateaz gain, aukera bat ere badelako”, “Bizkaian beste lurralde batzuetan baino askoz hobeto gaude, baina asko dago oraindik egiteko”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke