ES | EU


2015ko Abendua 30


Proiektu berritzaileentzako haztegiek dagoeneko frogatu dute tresna eraginkorra direla eskualdeen garapenerako, enplegua eta aberastasuna sortzen dituztelako enpresa ekimen berriei lagunduz. European Business and Incubation Centre Network eta Impact Hub sareek jasotako datuen arabera, haztegi batetik igaro diren negozioek %90eko biziraupen ratioa dute prozesu hori bukatu eta 3-5 urte igaro ondoren.

Europan gero eta gehiago dira arazo sozialei erantzunak ematen saiatzen diren enpresa proiektu berriak. Eta gaur egungo erronka da berrikuntza sozialaren esparrura eramatea hazkuntza prozesuen potentziala. Kontua ez da bakarrik eredua erreplikatzea, enpresa sozialek premia espezifikoak dituztelako eta premia horiek metodologia berriak eskatzen dituztelako.

Transition eta Benisi berrikuntza sozialerako haztegi sareak dira, eta presente daude Europako hainbat eskualdetan. Biek dute helburutzat lehendik existitzen diren ekimenak eskalatzea, beren lurraldearen barruan eta handik kanpo haz daitezen. Metatutako ikaskuntzetatik abiatuta, elkarrekin argitaratu dute Scaling Social Innovation txostena, non kasu praktikoak eta gomendioak jaso baitituzte berrikuntza eta ekintzailetza sozialeko ekimenak laguntzeko.

Social Innovation Park erakundeak sustatutako Transition sareak sei gune dauzka, eta Euskadin dago horietako bat. Txostenak hainbat proiektu arrakastatsu nabarmentzen ditu eta horietako bat da EmakumeEkin, Transition Basque Country gunean bultzatutako ekimena. Emakume ekintzaileei laguntzeko sare bat da, bere baitan hartzen dituena prestakuntza programak, profesionalen arteko konexioak eta finantzaketa iturrietarako sarbidea. Horrez gain, Transition sarearen Euskadiko guneak sareko beste proiektu batzuekin ere kolaboratzen du, besteak beste Frantziako Recyclivre-ekin eta Holandako SpareSpace-ekin.

Recyclivre ekimenak bigarren eskuko liburuak biltzen ditu, gero online eta merke saltzeko. Sistema horrekin, lana ematen diete langabezian luzaroan dauden pertsonei, eta, aldi berean, alfabetatzearen aldeko proiektu sozialak babesten dituzte. Transition Basque Country sareak beste eremu batzuetara eraman nahi du ideia hori, eta tokian tokiko bazkide bila dabil Espainian Recyclivre ekimenaren egoitza bat sortzeko. Bestalde, SpareSpace ekimenak coworking zentro bihurtzen ditu espazio hutsak hastapenetan dauden ekintzaile sozialentzat, eta aldi berean, aukerak eskaintzen dizkiete auzotarrei. Bilbon kokatutako nazioz gaindiko Start-up Laborategian lanean ari dira Euskadin ere SpareSpace espazio bat sortzeko, EmakumeEkin ekimenaren laguntzarekin.