Tokiko kulturak herritartasunaren eraikuntzan duen papera

2015ko Urria 29,

Cartel del encuentro.
topaketaren kartela

Kultura funtsezko elementua da parte-hartze, herritarren jabekuntza eta kohesio sozialaren eraikuntza proiektuak egituratzeko, batez ere esparru lokalean. Ikuspegi horretatik abiatuta, azaroaren 5ean eta 6an topaketa bat egingo da Madrilen, kulturak herritartasunaren eraikuntzan duen papera aztertzeko, eta kudeaketa eredu berrietara nahiz esparru publikoaren, pribatuaren eta hiritarren arteko harremanen aldaketara egokituko diren politika berriak nola garatu behar diren deskubritzeko.

Tokiko Kultura eta Herritartasunaren Eraikuntza  topaketan aztergai izango dute  “zein paper jokatu behar duen kulturak eraikuntza sozialeko prozesu garaikide, sinboliko eta materialetan”. Hainbat hitzaldi eta eztabaida eskainiko dira bi egunetan, batzuk kultur politikekin lotutakoak eta beste batzuk, berriz, hiritarren parte-hartzeari eta kudeaketa kolaboratiboko eredu berriei buruzkoak. Parte hartuko duten proiektuen artean nabarmentzekoak dira Euskadiko ekimenak, esaterako Nuevos Comanditarios plataforma, hiritarrek sortutako artea sustatzen duena talde sozialen nahi edo premiei erantzuteko, edo prokomunarekin lotutako Colaborabora kooperatiba eta Donostia Europako Kulturaren Hiriburua 2016 programa.

Jardunaldietan zehar 30 esperientzia berritzaile aurkeztuko dira. Estatuko toki desberdinetan abiarazi dira eta esperientzia horien bidez eraldaketa soziala bultzatu da beren ingurunean. “Komunitateak Eraikiz” mahai-inguruan, adibidez, #Caseando ekimena aurkeztuko dute; etxebizitza ibiltari baten prototipoa da, non auto-eraikuntzako tailerrak egiten dituzten etxeko eta hiriko espazioak nahastuz (esaterako, eguzki energian oinarritutako dispositiboak, etxeko baratzeak edo kutsadura neurtzeko sentsoreak). “Narratiba Berriak, Prozesu Berriak” ardatzean LaFábrikadetodalavida elkartea emango dute ezagutzera. Badajozko zementu fabrika zahar bat eraldatu eta kudeatzeko proiektu bat da eta bere helburua da kultur sorkuntza kooperatiborako espazio bihurtzea. Parte-hartze sozialeko ekimenei dagokienez, besteak beste ElCASC jaialdia aurkeztuko da, zeinaren helburua baita Villenako (Alacant) gune historikoa suspertzea, esku-hartze arkitektoniko eta sozio-kulturalak garatuz. Bestalde, “Transbertsalitate Soziala” atalean, Entérense! Mujeres Valientes ekimena ezagutzeko aukera izango da. Mallorcako Palmako emakume talde baten ikus-entzunezko narratiba bat da, Maixap kolektibo artistikoak koordinatutako tailer batean sortu dutena. Jardunaldietan parte hartuko duten hogeita hamar tailerrak deialdi ireki baten bidez aukeratu dira, eta ekimen guztiak ikusgai daude ekitaldiaren atarian.

Tokiko Kultura eta Herritartasunaren Eraikuntza topaketa Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak antolatu du eta Madrileko Arkitektoen Elkargo Ofizialean egingo da. Izena emateko epea zabalik dago topaketaren web orrian.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke