Tinta eta sakelakoei bigarren bizitza bat eman dakieke laneratzea sustatuz

2015ko Iraila 17,

spri_innovacion_BioService
BioService kooperatibak inprimaketaren hondakinak kudeatzen ditu eta gizarteratzea bultzatzen du.

BioService ekimen sozialeko kooperatiba bat da, 2009an sortu zena. Urte hartan Bizkaian kartutxo hutsak biltzen zituen lantoki bat itxi zen eta hainbat langilek erabaki zuten zorigaitza aukera bihurtzea. Urtearen amaieran, bost langile ohik BioService enpresa jarri zuten martxan helburu bikoitzarekin: ingurumena babestea inprimagailuetako kartutxo hutsak eta sakelakoak biltzeko zerbitzua abiaraziz eta ezgaitasuna duten pertsonen laneratzea sustatzea, prestakuntza eta soldatadun lanpostua eskainiz.

Sei urte geroago, BioService lan-zentro bereziak badu 15 langiletik gorako plantilla bat eta baita ere inprimaketaren hondakinak kudeatzeko eta berrerabiltzeko 1.200m2ko espazio bat. Eskaintzen dituzten zerbitzuetako batzuk dira enpresetan birziklapen kaxak –Ecoboxes- jartzea, lantzean behin biltzeko eta beren instalazioetara eramateko. Han hautatzen dituzte berrerabili daitezkeen eta ezin diren zatiak, eta ondoren birziklapen fabriketara eramaten dituzte osagaiak bereizi eta xehatzeko, eta  lehengai industrial gisa erabili ahal izateko. Gaur egun kooperatibak 17 herrialde baino gehiagotara esportatzen du.

BioService enpresak inprimagailuetako erabilgarriak, sakelakoak eta sukaldeko materialak ere saltzen ditu, enpresei %50eko deskontuak eskaintzeraino. Horrez gain, bigarren bizitza ematen die zabortegira doazen produktuei, esaterako deskonposatzeko 450 urte beharko lituzketen toner kartutxoei. Lantaldeak  lankidetza linea bat ere ireki du eskolekin, ikastetxeetan Ecobox ontziak kokatzeko eta hala birziklapena sustatzeko.

BioService kooperatiba Momentum Project programako 10 finalistetako bat izan zen 2014ko edizioan. ESADEk eta BBVAk elkarrekin antolatzen duten ekimen horren helburua da ekintzailetza soziala sustatzea. Hautatua izan zen baita ere Euskadiko Inithealth ekimena, osasunaren kudeaketa pertsonalizatua bideratzeko onlineko plataforma.

2015ean Momentum Project programak bi euskal enpresa aukeratu ditu ekintzailetza sozialaren esparruko proiektu berritzaileenen artean:  Gipuzkoako Irisbond, zeinak ordenagailua begiradarekin kontrolatzeko sistema bat garatu baitu; eta Bilboko Bajoelagua Factory, itsasoko ikerketan, dibulgazioan eta ingurumena errespetatzen duten proiektu berritzaile sostengarrien sustapenean diharduen enpresa.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke