The Young Foundation erakundeak EmakumeEkin aukeratu du berrikuntza sozialeko jardunbide egokien eredu gisa

2015ko Urria 06,

spri-emakumeEkin
EmakumeEkin elkarteak ikusgarritasuna eta jabekuntza eskaintzen die emakume ekintzaileei.

EmakumeEkin elkartea 2013an sortu zen emakume ekintzaileei laguntzeko eta espazio bat eskaintzeko ezagutzak partekatu, sare profesionaletara sartu eta ekintzaileen artean elkarrekiko laguntza sustatzeko. Elkarteko presidente Susana Zaballak azaldu duenez,  behin aztertu ondoren hainbat organismok emakumeen ekintzailetzari buruz egindako azterlanak eta txostenak “ikusi genuen bazeudela desberdintasunak, eta ikuspegi desberdin bat behar zela”.

Horregatik, genero ikuspegian oinarritutako emakumezko ekintzaileei laguntzeko ibilbide bat diseinatu zuten, beste programa batzuek ez dituzten zenbait elementu espezifiko kontuan hartuz. “Erreferentzia femeninoak behar ditugu identifikatuta sentitzeko, beraz, emakumezko ekintzaileen lanak ikusarazten ditugu” azaldu du Zaballak. “Era berean, kontuan hartzen dugu arrakastaren kontzeptu desberdinak ditugula, eta batzuetan arrakastatzat hartzen dena urrun dagoela emakume asko ekintzaile izatera bultzatzen dituzten arrazoietatik”. EmakumeEkin laguntza programaren eta bere jarduera guztien helburu garrantzitsuenetako bat jabekuntza da. Hala, emakumeei laguntzen die balioan jartzen beren potentziala, izan ere, “baldintza berdinetan emakumeak konfiantza gutxiago du bere ekintzailetzarako gaitasunean”.

The Young Foundation erakundeak EmakumeEkin elkartea aukeratu du berrikuntza sozialeko jardunbide egokien eredu gisa Europako Transition programaren barruan. EmakumeEkin elkarteko bultzatzaileak Londresen izan dira aurtengo udan, proiektuaren eskalagarritasuna lantzeko eta beste lurralde batzuetako antzeko elkarteekin konexioak sortzeko topaketa trinko batean. Tailer hartan, euskal ekintzaileek aukera izan zuten Britainia Handiko merkatua ezagutzeko, eta, bide horretatik, beren enpresa proiektuentzat aukerak bilatzeko.

Atzerrira irekitzeko prozesu horren barruan, EmakumeEkin elkartea hasi da jada Kataluniako hainbat ekimenekin lankidetzan, eta besteak beste, datorren urtean networking jardunaldi bat egingo dute Bilbotik Bartzelonarako treneko bagoi batean, erdibidean Zaragozako ekintzaileek ere bat egin dezaten.

EmakumeEkin elkarteak 34 bazkide dauzka eta bere laguntza ibilbidea 70etik gora emakumerengana iritsi da Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapen Sailaren bitartez. Elkarteak eskaintza zabala du bazkideentzat: enpresa bat sortzeko prestakuntza, laguntza pertsonalizatua, networking topaketak eta tresna teknologikoei edo ekintzailetza estrategiei buruzko tailer tematikoak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke