“The shift”, kultur arloko iraultza sostengarria

2015ko Ekaina 01,

spri_innovacion_CAEnetworkedEconomy
The Shift gida.

Culture Action Europe-k, kultura sustatzeko Europar Batasuneko sare garrantzitsuenak, kalera atera du The Shift. The networked economy, the cultural sector and beyond argitalpena, ekonomia kolaboratiboan, 2.0 webean eta ezagutza irekian oinarritutako kultur eredu berriak jasotzen dituen gida. Txostena “sostengarritasunaren iraultzaren” ideian oinarritzen da, zeinaren arabera  kultur erakundeek ereduz aldatu behar baitute aurrera egiteko lankidetza eta irekiera modu berrietarantz.

Gidak dioenez, kulturaren esparruan bizitza sozialeko eta ekonomiako beste sektore batzuekin lotutako esperientzia berriak ari dira sortzen,  arazoei diziplina arteko metodoekin erantzun ahal izateko. Erakundeen barruan eta arduradun politikoen artean eredu berriak inspiratzea da azterlan honen helburua.

Aldaketaren ildo nagusietako bat ekonomia kolaboratiboa da, ekonomia kolaboratibo bezala ulertuz ondasunak, zerbitzuak eta ezagutzak partekatzeko modu berriak. Bide horrek aukera ugari planteatzen ditu kultur erakundeentzat, baina baita  erronkak ere. Esaterako, ikasi behar dute erakunde barruan informazioa horizontalki partekatzen, ordura arte identifikatu gabeko baliabide berriak detektatzen eta komunitateari modu gardenagoan irekitzen.

Culture Action Europe sarearen arabera, eraldaketa honek bere baitan hartzen ditu baita ere kolaborazio berriak, finantzatzeko modu desberdinak, eta datuen eta ezagutzaren irekiera. Kolaborazio berrien kasuan, gidak adibidetzat jartzen ditu Suediako TILLT Programme programa edo Euskadiko Conexiones Improbables ekimena. Conexiones Improbables ekimenean artisten eta enpresen arteko lankidetza sortzaileak garatzen dira konponbide berritzaileak lortzeko.

Finantzaketari dagokionez, azken urteotan crowdfunding-a asko hedatu da bide tradizionalen alternatiba bezala, eta crowdfunding-aren barruan hainbat eredu sartzen dira: dohaintzak, itzulera ez monetarioak ematea inbertsioan eginiko ekarpenagatik, e.a. Kulturaren sektorean, CAE txostenak adibidetzat jartzen du mikro-finantzaketa literariorako Tenpages.com plataforma holandesa. Proiektu horren bidez, irakurleek liburuak finantzatu ditzakete partaidetzak erosiz autoreei laguntzeko. Euskadin antzeko ekimen bat jarri zen martxan 2013an, Entreescritores, baina ez zen oinarritzen diruzko ekarpenetan, baizik eta irakurleen komunitatearen balorazioetan.

90 kidek osatzen dute Culture Action Europe sarea, eta kultur eta arte diziplina desberdinetako Europako 10.000 erakunde baino gehiago ordezkatzen ditu.  Bere helburu nagusia da ezagutza sortzea eta eragina izatea kultura sustatzeko politika europarretan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke