The Makery espazioak fabrikazio digitalari buruzko eskolaz kanpoko akademia bat ireki du gazteentzat

2015ko Iraila 30,

spri_innovacion_TheMakeryAcademia
The Makery akademian eskuz fabrikatzeko teknikak, teknika digitalak eta robotika irakasten dira.

The Makery berrikuntza irekiko espazioak, uda honetan Bilbon inauguratu denak, urrian abiaraziko du fabrikazio digitaleko teknologiei buruzko ikastaroa, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoena. Programa eskola-urte osokoa izango da eta bloke desberdinak izango ditu, zeintzuetan neska-mutilek hainbat tresna erabiltzen ikasiko duten proiektu teknologiko sortzaileak garatzeko.

Akademia honen helburua da fabrikazio digitalaren aukerak gazteei hurbiltzea ikuspegi ludiko batetik. The Makery espazioaren bultzatzaileetako bat den Juan Felipe Fonsecak azaldu duenez, “The Makery espazioan ikusi genuen ezen diseinua, 3D inprimaketa edo robotika bezalako teknologiak teknologia urrunak direla askorentzat”, “teknologia horiek hurbildu behar dizkiogu jendeari, edonork erabil ditzan. Horregatik iruditu zitzaigun ezinbestekoa zela gazteak heztea, haiek baitira etorkizuneko ingeniariak, elektrizistak eta asmatzaileak”.

Akademiak urriaren 5ean zabalduko ditu bere ateak eta bederatzi hilabetetan zehar parte-hartzaileek denetatik ikasiko dute: lehenik, eskuz fabrikatzeko teknikak, esaterako prototipoak egiten kartoi eta polimeroekin; ondoren, diseinua eta 3D inprimaketa, eta, azkenik, elektronika eta robotika aplikatua. Bloke bakoitzaren amaieran, neska-mutilek taldeko proiektu praktiko batean aplikatu beharko dute ikasitakoa, esaterako, jostailu bat diseinatu eta fabrikatu, edo robot bat inprimatu eta Arduino xafla bat instalatu, bere mugimenduak kontrolatzeko.

The Makery espazioko lantaldeak praktikaren bidez ikasteko eta ekintzailetza bultzatzeko metodologiak aplikatuko ditu tailerretan. “Ez dizkiegu ezagutza guztiak emango, besteak beste beren jakin-mina piztu nahi dugulako, etxera iristean ikertzen jarraitu dezaten”, azaldu du Juan Felipe Fonsecak. Ikastaroan berrikuntza prozesuei buruzko oinarrizko ezagutzak ere irakatsiko dituzte, gazteek ikas dezaten nola igaro ideia batetik prototipo batera eta, azkenik, produktu edo zerbitzu izatera.

Eskolaz kanpoko tailerrez gain, The Makery espazioko lantaldeak helduentzako ikastaroak eskainiko ditu azarotik aurrera, 3D fabrikazioko tresnen erabileratik hasita. Programa osoa datozen asteetan argitaratuko dute proiektuaren webean. The Makery TZBZ enpresak, hau da, hezkuntza eta ekintzailetza munduetan espezializatutako aholkularitzak bultzatutako ekimena da.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke