Tecno_blandas ikerketak teknologien geruza soziala aztertzen du

2015ko Azaroa 19,

Tecno_blandas

Teknologiez hitz egitean, sarritan asmakizunez hitz egiten da: zerbitzu edo produktu berriak produzitzen laguntzen duten makinak, azpiegiturak, hardwarea edo softwarea. Dena den, “teknologia gogor” horien gainetik –edo horiekin batera- bada geruza ikusezin bat, erabilerarekin zerikusia duena, hau da, nola erabiltzen ditugun teknologia horiek erlazionatzeko, parte-hartzeko edo ikasteko.

Colaborabora plataformak eta Saioa Olmo artistak Tecno_blandas ikerketa kolektiboa bultzatu dute, zeinaren bidez azalduko baitute nola erabiltzen ditugun teknologia bigunak eta zein paper duten gizartean. UPV-EHUko Arte Ederren Fakultateko Prestakuntza eta Ikerketa Unitatearen eta Hirikilabseko (Tabakalerako laborategi hiritarra) Ikaskuntza Hedatuko Lantaldearen barruan garatu dute prozesu hori.

Esan bezala, ikerketa honen oinarria teknologia bigunak dira: “antolatzeko, teknologia gogorrak erabiltzeko eta ikaskuntza edo ezagutzak lortzeko aplikazio moduekin zerikusia dutenak” azaldu du Txelu Balboak. Berak koordinatzen du ekimena Colaborabora plataformatik, eta hauxe adierazi du: “ikerketa hau abiarazi dugu teknologia bigunen inguruan dagoen ezagutza partekatu eta antolatzeko eta ikusgarritasuna emateko”.

Baina teknologia bigunen kontzeptua oso zabala da, eta muga lausoak ditu. Hala, ingurune komun bat sortze aldera, ikerketa taldea ontologia bat eraikitzen ari da, hau da, testuingurua azaltzeko kolektiboki eraikitako ikusizko eskema bat. Mapa horrek teknologia bigunekin lotutako ikuspegi eta ideiak batuko ditu, zer diren ulertzeko eta sortzen duten ezagutza partekatzeko.

Abiapuntu gisa, Saioa Olmok hitzaldi bat eman zuen praktika artistikoetan erabiltzen diren teknologia bigunei buruz, eta Juan José Goñik hizpide hartu zuen halako teknologiek berrikuntza eta gizarte aldaketako prozesuetan duten papera. Hortik aurrera, hainbat saio ireki egingo dituzte  ontologia hori kolektiboki eraikitzeko, eta azaroaren 27an izango da azkena. Bukatzeko, abenduaren 19an ikerketaren emaitzak aurkeztuko dituzte Hirikilabs-en, teknologia bigunen kontzeptuari buruz gehiago jakin nahi duten pertsona guztientzat zabalik egongo den topaketa batean. Prozesuan zehar sortutako baliabide guztiak proiektuaren webean partekatuko dira.

UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboko Masterreko ikasleek parte hartu dute ikerketan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren Sorkuntza Fabrikak programaren barruan. Praktika kolaboratiboetako Wikitoki  Laborategian 2015eko proiektu egoiliarra izan den LoRelacional taldeak ere lantzen du Teknologia Bigunen gaia.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke