Tapiak, Lehiakortasun Foroa bildu, eta industriak Euskadiren etorkizunerako duen zeregin erabakigarria berretsi du

2015ko Uztaila 29,

spri_invest_arantxa_tapia
Arantxa Tapia sailburua.

Enpresa-konfiantzaren eta industria-klimaren adierazleak krisi aurreko mailatan daude. Industriako enplegua modu jarraituan hazi da 2015eko lehen seihilekoan, berroneratzeko izan dituen zailtasunak gorabehera. Basque Industry-ak munduan duen posizionamendua indartzea izan da Foroak heldu beharreko erronketako bat.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak, Arantxa Tapiak, Lehiakortasun Foroa bildu du gaur, 2014-2016 Industria Planaren emaitzen kontu emateko. Lehiakortasun Foroak, hain zuzen, erakundeetako ordezkariak, politikariak, sindikatuetako ordezkariak eta enpresa-arlokoak biltzen ditu. Bileran, Euskadiko etorkizunera begira industriagintzak duen zeregin nagusia berretsi dute.

Ondoren, Tapiak azaldu du Eusko Jaurlaritzak mezu hau helarazi diela han bildutakoei: hain zuzen, behin krisialdia gainditurik, «industriaren etorkizuneko oinarrietan eragin, eta horiek indartzeko garaia dela». Zentzu horretan, gogorarazi du bigarren lauhileko BPGak berriz ere eman dituela datu positiboak eta industriak dakarrela hazkunde ekonomikoaren % 23,6. Gaineratu du lanean jarraitzen dutela, manufaktura-industriak, bai eta teknologia-zerbitzu aurreratuek ere, Euskadin duen pisua goratzeko.

Euskadiko industriaren egoera onari dagokionez, Tapiak nabarmendu du enpresa-konfiantza indize harmonizatua % 2,1 goratu zela 2015eko hirugarren hiruhilekoan, bigarren hiruhilekoaren aldean, eta urte arteko hazkundea (2014ko hirugarren hiruhilekoaren aldean) % 3,8 izan dela. Orobat, krisialdia hasi zenetik izandako datu hoberenak eman ditu industria klimaren indizeak, eta, Industria Ministerioaren adierazleen arabera, sektore barruko optimismoa berreskuratzen ari dira Euskadin. 2012ko urte amaieran hasitako joera gorakorra mantentzen du industria klimak; horrenbestez, 2007ko udaberriko indizearen antzeko mailetan kokatu da.

Enpleguari dagokionez, balio positiboetara itzultzea lortu du adierazle horrek (1,7), 2014ko urte hasieran hasitako gorabide prozesu jarraituan. 2015eko bigarren hiruhilekoan, 174.528 afiliatu zeuden Gizarte Segurantzan laneko altan, guztira. Euskadiko ekonomiaren guztizkoari bagagozkio, laneko alta emanda duten afiliatuen % 19,6ari dagokio zifra hori. 2015eko urtarriletik hona, etengabe hazi da industriako-enpleguaren afiliazio-joera Afiliatuen kopuruak behera egin zuen urtetik urtera (2015eko bigarren hiruhilekoa, 2014ko bigarren hiruhilekoaren aldean): hain zuzen, % 0,1. Hala ere, gora egin zuen 2015eko lehen hiruhilekoaren aldean: % 0,8 Jarduera-adar desberdinetan, manufaktura-sektoreak ematen dio lana langile kopuru handienari, alde nabariekin gainera: afiliatuen % 95,5 hartzen ditu barruan.

Lurralde historikoka afiliazioak banatzen diren moduari dagokionez, Arabak afiliazioen % 20,8 hartzen ditu; Bizkaiak, % 40,4; eta Gipuzkoak, berriz, % 38,8. Bizkaiko Lurralde Historikoak besterik ez zuen urte arteko aldakuntza positiboa erregistratu: 84 afiliazio gehitu zituen. Araban eta Gipuzkoan, ordea, 152 eta 134 afiliatu gutxiago erregistratu zituzten, hurrenez hurren.

Sailburuak, halaber, heldu beharreko erronka nagusia azaldu du: hain zuzen, testuinguru mesedegarriari eustea, kalitateko industria bermatzeko eta, etorkizunari begira, berori garatzeko, industria aurreratu eta berritzaile gisa. Esan duenez, inguruabar eta klima horiexek ahalbidetuko dute industriako enplegua sortzea, eta krisialdi aurreko mailetara lehengoratzea, halako moldez, non industria-enpleguak Euskadiko enpleguaren guztizkoan hartutako % 19,6a, % 23ra goratuko baita.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke