Tabakalerak deialdi bat egin du eskola auzora irekiz proiektu kulturalak sortzeko

2015ko Uztaila 16,

spri_innovacion_EducacionPracticasColaborativasTabakalera
Auzoko Hitzak, Tabakaleraren irudia.

Tabakalerako bitartekaritza arloak Hiria, hezkuntza eta praktika kolaboratiboak  ekimena abiarazi du. Proposamen horren helburua da kultura ekoizteko dinamiken bidez ikastetxeen eta haien ingurunearen arteko harremana eraldatuko duten proiektuak bultzatzea.

Deialdia zabalik dago datorren ikasturtean garatzeko ekimenak proposatu nahi dituzten Gipuzkoako lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeentzat. Asmoa da eskolek inguruko espazioetan esku-hartzeko proiektuak aurkez ditzatela, esaterako plazetan, parkeetan edota hiriguneranzko bidean. Proposamenek hezkuntza komunitatearen premia bati erantzun beharko diote eta auzoko beste eragile batzuk inplikatu beharko dituzte, direla auzo elkarteak, merkatariak edo beste kolektibo batzuk.

Eskolak asmatutako proposamenetatik abiatuta, Tabakalerak bitartekoak eta baliabideak eskainiko ditu, elkarrekin lan egiteko beren diseinu eta inplementazioan. Bide horretatik, artea eta hezkuntza nahasten dituzten proiektuak sortuko dira; horretarako, espazio publikoa erabiliko dute sorkuntza komunitariorako eta konponbide berriak proposatuko dituzte eskolen nahi eta premiei erantzuteko.

Deialdi hau Tabakalerako bitartekaritza arloak garatzen duen “Pedagogiak eta Espazio Publikoa” lan ildoaren barruan sartzen da eta badu aurrekari bat: 2014-2015 ikasturtean martxan jarri zen Auzoko Hitzak proiektu pilotua. Ekimen hori Donostiako hiru ikastetxerekin batera garatu zen Egiako merkatari eta kultur eragileen laguntzarekin. Prozesuan zehar lehen hezkuntzako haur taldeek hainbat ibilaldi egin zituzten auzoan barrena espazio publikoetan erabilpen berriak detektatzeko eta gero hainbat esku-hartze diseinatu zituzten: jolasak, bideoak, mapak, kartelak…

Parte hartzeko deialdia zabalik dago irailaren 30era arte, eta proposamenak onlineko formulario baten bitartez bidali beharko dira. Jasotako ideien artetik Tabakalerak proiektu bi aukeratuko ditu, batera garatuko direnak ekimenean parte hartzen duten ikastetxeetan 2015-2016 ikasturtean zehar.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke