SIforAge: konponbide berritzaileak zahartze aktibo eta osasuntsurako

2015ko Uztaila 22,

spri_innovacion_SIforAge
SIforAge plataforma.

Europako gizartea gero eta zaharragoa da, eta horregatik, etorkizun hurbileko erronka handienetako bat da konponbideak eskaintzea zahartze osasuntsua bermatzeko. Basque Culinary Center fundazioak eta Bartzelonako Unibertsitateak SIforAge proiektu europarra koordinatzen dute. Europako Batzordeak finantzatutako ekimen bat da, berrikuntza sozialean oinarritutako konponbide berriak sustatzen dituena pertsona nagusien bizi-kalitatea bermatzeko.

Partzuergoak 19 bazkide ditu, eta horien artean daude 13 herrialdetako unibertsitateak, enpresa teknologikoak, zentro sozio-sanitarioak, GKEak eta erakunde publikoak. Ekimen honen bidez zubiak sortu nahi dira mundu akademikoaren, enpresen eta gizarte zibilaren artean, ikerketa sustatzeko eta hiritarren premiekin bat datozen produktu eta zerbitzuak sortzeko.

Hauek dira SIforAge proiektuaren helburu espezifikoak: zahartze aktiboaren inguruko ikerketa bultzatzea komunitate zientifikoan, berrikuntza teknologikoa indartzea esparru horretan eta froga zientifikoetan oinarritutako gomendio politikoak egitea. Horretarako,  partzuergoak hainbat jarduera ildo ditu, besteak beste gida politikoak egiten ditu eta Europako zein nazioarteko jardunbide egokien katalogoak sortzen ditu. Ekimena 2012aren amaiera aldera jarri zen martxan eta 2016aren bukaeran egingo den konferentzia batean aurkeztuko ditu bere ondorioak Europako Batzordearen eta estatu kideen aurrean.

Proiektuak hainbat estrategia ditu zahartze aktiboarekin lotutako berrikuntza sozialeko ideiak ezagutarazteko, eta horietako bat da SIforAge Sari ekitaldia. 2014ko edizioan Murtziako Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateak garatutako “Envejecimiento Activo y Solidaridad Intergeneracional” proiektua izan zen garaile, zeinak elkarrengana hurbiltzen baititu gazteak eta pertsona nagusiak, estereotipoak desagerrarazteko eta belaunaldi arteko elkartasuna sustatzeko.

SIforAge atariko baliabideen artean aipatzekoa da Science Corner espazioa, non partzuergoko taldeek eginiko ikerketen emaitzak aurki baitaitezke. Bestalde, webguneak zahartze aktiboari buruzko ikuspegi desberdinak jasotzen ditu, horietan oinarriturik askotariko proiektu berritzaileak garatzeko: adinarekin lotutako estereotipoak aldatzeko ekimenak, gaixotasunen detekzio goiztiarra hobetzeko nano-teknologiako ikerketak, edota erretiroa hartu ondoren pertsona nagusiek izan ditzaketen ziurgabetasun ekonomikoei aurre egiteko azterlanak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke