Robotak, bidaia galaktikoak eta esperimentuak XV. Zientzia Astean

2015ko Urria 22,

spri_innovacion_ZientziaAstea2015
Astearen kartela.

Zientzia Astearen aurtengo edizioa azaroaren hasieran egingo da. Zientzia Astea UPV/EHUk antolatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Astea da. Bost egunez, publiko eta adin guztietarako jarduerak antolatuko dira: dinosauroei buruz gehiago ikasteko tailerrak, bideojokoak sortzen ikasteko tailerrak edo egun batez detektibe izateko jarduerak. 

Zientziaren Astea azaroaren 4tik 8ra egingo da Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Ekitaldiaren helburu nagusia da zientzia jendearengana hurbiltzea eta jakin-mina piztea modu ludiko batean, horretarako baliatuz ibilbide didaktikoak, esperimentuak, tailerrak, stand zientifikoak eta hitzaldiak. Egitarau zabalak gai askoren inguruko jarduerak biltzen ditu: matematikak, ingeniaritza, biologia, kimika edota arkeologia, denak ere Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialari eta ikerlariek sortuak.

Esaterako, Bilboko Bizkaia Aretora hurbiltzen direnek aukera izango dute erleen mundua eta bioaniztasunean duten papera ezagutzeko, kimikako esperimentuak egiteko edota matematikan oinarritutako magia trukuak ikasteko. NASAtik iritsi berria den Xabier Iturbe ikerlariaren “Handienetik txikienera” izeneko hitzaldian, bidaia bat egin ahal izango dute galaxietan barrena, planetaz planeta, partikula subatomikoetara iritsi arte.

Azaroaren 5ean eta 7an Donostiako San Telmo Museora hurbiltzen direnek, berriz, Donostia International Physics Center-ek sortutako super-heroi baten nano-ahalmenak deskubrituko dituzte, eta objektuak fabrikatu ahal izango dituzte 3D inprimagailuekin. Egitarauaren barruan bestelako gaiei buruzko tailerrak ere antolatu dira: droiak, estatistika eta komikiak adibidez. Horrez gain, Aquariumean ibilbide didaktikoak egingo dituzte, eta ibilaldi geologiko bat ere bai, hirian barrena. Azkenik, Gasteizko Bibat Museoak era askotako jarduerak eskainiko ditu: arkeologiari buruzko ikastaro ludikoak, detektibe jolasak, olioa, gazta eta Añana Gatzagako gatza dastatzeko tailerrak, eta “Ez da magia, hau zientzia da” ikuskizuna, zeinetan Jon Kepa Eureka zientzialariak hogei bat esperimentu egingo baititu jendaurrean.

Jarduera guztiak doakoak dira, eta ikastetxeek zabalik dute egitarauko edozein ekitalditan izena emateko epea. Zientzia Astea Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalen, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatzen da.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke