Popup Commerce ekimenak tokiko merkataritzako zortzi proposamen berritzaile egin ditu

2015ko Azaroa 04,

Alterkiart, Popup Commerce ekimenean garatutako zortzi proiektuetako bat.

Donostiako Sustapenak bultzatutako Popup Commerce ekimena prestakuntza eta ko-sorkuntzako egonaldien programa bat da, Donostian saltoki berritzaileak sortzea helburu duena. Proiektu horretan parte hartu dutenek negozio ideiak asmatu eta praktikan jartzeko prozesu bat burutu dute bi hilabetez, eta emaitzak prototipo modura aurkeztu zituzten jendaurrean pasa den urriaren 30ean.

Egonaldien ondoren sortu den proiektuetako bat Alterkiart da, aterkiak alokatzen dituen ekimena. Prozesuan zehar, bultzatzaileak “30 aterki / 30 artista” lehiaketa egitea pentsatu zuen, hiria islatuko duen modelo bat aukeratzeko eta gero modelo hori alokairuan eskaini ahal izateko hotel edo turistentzat. Gros Running da Popup Commerce prozesuaren barruan garatu den beste negozio-ideia bat, korrikalarientzako aholkularitza teknikoa ematen duen zerbitzua. Proposamena probatzeko, ideiaren bultzatzaileak ibilbide bat egin zuen hirian barrena, balizko erabiltzaileekin konektatzeko asmoz.  Beste ekimen berritzaile batzuk ere aurkeztu ziren: hala nola,  taloa  produktu artisau gisa berreskuratzeko Taloteka negozio ideia, taloa egiteko  prozesua balioan jartzen duena; edo Biarritz Kitsch arte zeramikoko galeria, plater gastronomiko desberdinentzako diseinu espezifikoak egin nahi dituena, inguruko jatetxeen lankidetzarekin.

 Ttipi Studio-ko (Colaborabora-rekin batera, prozesuaren metodologia eta dinamizazio lanak egin dituena) Ane Abarrategik azaldu duenez, “prozesuak helburutzat izan du merkataritza-ideiatik harago doazen enpresa ekimen berritzaileak sortzea, ingurunearekin konektatutako eredu kolaboratzaileagoak sortzeko”, “parte-hartzaileei espazioa eta denbora eman nahi izan diegu beren ideien prototipoak egin zitzaten, egonaldi artistikoen antzeko formatuan”.

Zortzi parte-hartzaileen profilak oso desberdinak dira, eta elkarrekin lanean aritu dira, batetik, negozio bat martxan duten pertsonak eta, bestetik, buruan ideia bat baino ez dutenak; denborarekin beren proposamenak zehaztu dituzte, prestakuntza, sorkuntza eta laguntza prozesu baten bidez.  Programaren barruan design thinking saioak egin dituzte erabiltzaile potentzialen premiak ezagutzeko, estrategiak diseinatu dituzte proiektuaren inguruan komunitatea sortzeko, hiritarrentzako ko-sorkuntzako jardunaldi irekiak antolatu dituzte eta tailerrak egin dituzte ekintzaileekin batera.  “Negozio-planetik abiatu beharrean, benetako premiak aztertu eta sareak sortu ditugu komunitatearekin, berrikuntza sortu ahal izateko”, azaldu du Ion Vázquezek, egonaldietako tutoreak, “ test ugari egin ditugu hasieratik, egin nahi dutenak zentzurik ba ote duen jakiteko”.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke