Pop Up Commerce: tokiko merkataritzan ideia sortzaileak bultzatzeko egoitzak

2015ko Uztaila 17,

spri_innovacion_pop up commerce
Ekimenaren irudia.

Pop-up saltokiak espazio iragankorrak dira, non ahalegina egiten baita merkataritzako esperientzia desberdinak sortzeko, balizko bezeroekin zuzenean elkarreraginez eta proposamen nahasketak esploratuz, betiere produktu edo zerbitzu berriak probatzeko asmoz. Ideia hori abiapuntutzat hartuta, Donostiako Sustapenak Pop Up Commerce ekimena jarri du martxan, hau da, Donostiako tokiko merkataritzan berrikuntza sustatzea helburu duten prestakuntzako eta ko-sorkuntzako egoitzak.

Programa hau merkataritzako establezimenduei edo negozio ideia bat duten ekintzaileei eta merkataritza arloko proposamen sortzaileekin esperimentatu nahi dutenei zuzendurik dago. Deialdia zabalik dago uztailaren 21era arte proiektuko atariaren bitartez, eta guztira 8 lagun aukeratuko dira. Hautatuek bi hilabeteko egoitza batean parte hartuko dute Donostiako Sustapenaren PuntuDenda Espazioan, abuztuaren 31tik  urriaren 30era.

Prozesua Colaborabora eta Ttipi Studio erakundeek dinamizatuko dute, hiru ardatzetan oinarriturik: prestakuntza, sorkuntza eta laguntza tutorizatua. Prestakuntzaren aldetik, Ezagutza Pilulak eta Open Commerce Jardunaldiak erabiliko dituzte metodologia gisa. Asteroko tailer horietan askotariko alderdiak landuko dira, esaterako erabiltzaileengan zentratutako diseinua, zerbitzuen berrikuntza edo sareak sortzea tokiko komunitatearekin. Egoitzan parte hartzen dutenek inguruko saltoki berritzaileen bisitak ere jasoko dituzte, zeintzuek beren esperientziak kontatuko baitituzte.

Ko-sorkuntza arloaren helburua da ezagutza horiek guztiak aplikatzea proiektu pertsonaletan, eta bakarkako eta taldekako dinamikak egingo dituzte proposamenak diseinatzen jarraitzeko. Prozesuaren helburua izango da parte-hartzaileek beren ideiak proban jartzea eta ekimen komertzialak aztertzea, hala nola establezimendu berean erabilpenak nahastea edo eskaintzen diren produktuekiko afinitatea duten kolektiboei irekitzea. Tailerra amaitzean jendaurrean erakutsiko dituzte sortutako prototipoak, emaitza horiek aurkezteko PuntuDenda Espazioan egingo den jardunaldi batean.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke