Nolako eragina izango dute teknologiek mundu osoko lanaren etorkizunean?

2015ko Maiatza 12,

spri_innovacion_future-work
Millenium Project-en weba.

Datozen hamarkadetan adimen artifizialak, robotikak, Gauzen Internetek edo 3D inprimaketak goitik behera aldatu ditzakete lan merkatua eta ekonomia orokorra. The Millennium Project think tank erakundeak Future Work – Technology 2050 azterlana argitaratu du etorkizun posible desberdinak aurreikusteko eta horiei guztiei aurrea hartzeko.

The Millennium Project ekimeneko lantaldeak azaldu duenez, mundu osoko adimen artifizialaren esparruko aditu eta ikerlari gero eta gehiago aztertzen ari dira azkartze teknologikoak lanaren etorkizunean eragin ditzakeen ziurgabetasunak. Robotikak, Gauzen Internetek, droiek edo nanoteknologiak bezalako berrikuntzek aukera berriak irekiko dituzte garapen ekonomiko eta sozialerako, baina arriskuak ere ekarriko dituzte, nahiz eta teknologia berriak lanpostuak sortzeko aukera diren eta izan behar duten, eta ez alderantziz.

Hain zuzen ere, Future Work – Technology 2050 azterlanaren helburua da datozen hamarkadetako eszenatoki posibleak identifikatzea eta hortik abiatuta estrategiak eztabaidatzea aukerak aprobetxatzeko eta arriskuak saihesteko. Horretarako, The Millennium Project ekimenak inkesta ireki bat helarazi die esparru desberdinetako adituei eta eztabaida globalean parte hartu nahi duten guztiei.

Galdetegiak askotariko  galderak barne hartzen ditu: zein giltzarri kontuan hartu behar diren teknologiek suntsituko dutena baino enplegu gehiago sor dezaten, teknologia horiek nabarmen murriztu ote dezaketen bizimoduaren kostua edo komenigarria ote litzatekeen diru-sarrera bat bermatzea konponbide teknologikoek eskulana ordezkatuko dutela konpentsatzeko, e.a.  Inkestarekin jasotako iritzi, ideia eta ikuspegiak oinarri gisa erabiliko dira The Millennium Project ekimenak nazioartean sakabanaturik dauzkan 55 guneetan lanaren etorkizunari buruzko topaketa eta workshop gehiago egiteko. Inkestan kolaboratzen duten guztiak gonbidatuko dituzte Future Work – Technology 2050 azterlanaren ondorengo jardueretan parte hartzera.

The Millennium Project think tank erakundeak prospektiba-azterlanak egiten ditu etorkizunari buruzko ezagutza garatu eta metatzeko, informazio horretan oinarriturik erabaki egokiak hartzeko eta horrela aurrera egiteko etorkizuneko eszenatoki desiragarrienetarantz. Estatuko gunea Mondragon Korporazioko Prospektiker enpresak koordinatzen du, zeinak azterlan estrategikoak egiten baititu.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke