Maker Faire Bilbao azaroan itzuliko da eta zabalik dago izena emateko epea

2015ko Urria 13,

spri_innovacion_MakerFaireBilbao2015
Sorkuntza teknologiei buruzko Maker Faire azoka mundu osoko hirietan ospatzen da.

Sormenaren eta maker mugimenduaren azoka azaroaren 20tik 22ra egingo da Bilboko Zorrozaurre auzoan. Asteburu bat iraungo du eta teknologia sortzaileei buruzko erakusketak, hitzaldiak eta publikoari irekitako tailerrak eskainiko dira. Honako hau jaialdiaren hirugarren edizioa da, eta antolatzaileek baztertu egin dute “mini” izenondoa, topaketaren bertsio handiago bat egiteko.
Maker Faire Bilbao azokak helburutzat du “egizu zerorrek” joerarekin eta ezagutza irekiarekin lotutako proiektuak erakustea. Topaketan askotariko sorkuntzak izango dira ikusgai, direla fabrikazio digitalean eta 3D inprimaketan oinarritutakoak, robotika eta hardware librearen esparrukoak, edo direla zientzia, arte nahiz artisautza arloetakoak. Izan ere, asmoa da teknologiak bereganatzea gauza berriak sortzeko eta ezagutzak partekatzea.
Antolatzaileek (Espacio Open elkarteak) Call for Makers deialdi bat ireki dute beren sorkuntza eta produktuak erakutsiz topaketan parte hartu nahi duten pertsonentzat. Izena eman dezakete erakusleek, aurkezpen edo tailer bat egin nahi dutenek, eta baita ere boluntarioek, eta topaketan parte har dezakete asmatzaileek, ikasle taldeek, maker-ek eta enpresek. Azoka Bilboko Galleta Fabrika Zaharrean egingo da, eta egitarauaren aurrerapen gisa, topaketan parte hartuko duten auzoko hainbat proiektu iragarri dituzte: Zorrozaurreko Zirko Eskola, Pabellón 6 antzerkiko artisten taldea, Skate Gure Txoko eta PiuGaz Bilbao rokodromoa.
Iaz, beren sorkuntzak jendaurrean erakutsi zituzten 100 maker eta 60 antolakunde baino gehiago bildu ziren Mini Maker Faire Bilbao azokan. Asteburu hartan ikusgai izan ziren, besteak beste, janaria inprimatzen duten 3D inprimagailuak, errealitate birtualeko bideojokoak, Arduino-n oinarritutako robotak edota fabrikazio digitaleko teknologiekin eginiko zur eta kartoizko altzariak. Era berean, elektronikako eta jostailuak eraikitzeko tailerrak egin zituzten haurrekin, hardware workshop-ak ere bai, eta maker mugimenduari buruzko hitzaldiak ere izan ziren entzungai.

Bilbao Mini Maker Faire 2014



Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke