Libu, gizarteratzea sustatzen duen bigarren eskuko liburu-denda

2015ko Azaroa 30,

Libu denda abenduaren hasieran irekiko da Bilboko Alde Zaharrean Arategizar kaleko 2. zenbakian.

Bazterkeria arriskuan dauden pertsonen bizi-kalitatea hobetzea helburu duen Bizkaiko Zubietxe elkarteak Libu proiektua sustatu du. Bilboko Alde Zaharrean kokatutako liburu-denda sozial bat da eta bigarren eskuko liburuak salduko ditu. Asmoa da lokala abenduaren hasieran irekitzea, eta helburu bikoitza izango du: elkartea ezagutzera ematea hiritarrengana hurbilduz eta finantzaketa bide berriak sortzea.

“Ikusi genuen beharrezkoa zaigula gizartera gehiago irekitzea, denbora luzea daramagulako barrurantz lanean, beste elkarte askok bezala, eta jendeak jakin beharko luke zertan gabiltzan” azaldu zuen Zubietxeko Sustapen saileko Borja Aguirrek “gainera, finantzaketa iturri berriak ere behar ditugu, eta ohartu ginen birziklapenaren esparruan bazegoela guretzako moduko nitxo bat”.

Libu dendan pertsona edo erakundeek emandako liburuak salduko dituzte, eta salmenten irabaziak elkarteak martxan dauzkan proiektuetarako izango dira. Bestalde, Arategizar Kalean kokatutako lokala elkartzeko eta parte-hartzeko kultur espazioa izango da auzokoentzat. Proiektu hau hiru hilabeteko esperientzia pilotu bat da. Liburu-denda bideragarria bada, elkartea bigarren eskuko bestelako objektuak saltzen hasiko da, eta bazterkeria arriskuan dauden pertsonak sartuko ditu dendaren funtzionamenduan. Liburuak eman nahi dituzten pertsonek erakundearekin harremanetan jarri behar dute.

Zubietxe irabazi asmorik gabeko elkarte bat da, eta premia larria duten pertsonentzako laguntza eta gizarteratze programak eskaintzen ditu duela 20 urte baino gehiagotik. Apirilean La Caixa Fundazioak Berrikuntza Sozialaren saria eman zion “Red residencial de apoyo a personas sin hogar” proiektuagatik. Ekimen horren bidez etxebizitza partekatuak eskaintzen dizkiete etxerik ez duten pertsonei, eta laguntza zerbitzu bat ere bai. Hori guztia “housing first” printzipioan oinarritzen da, hau da, etxebizitza eskaintzea gizarteratzeko lehen urrats gisa.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke