ES | EU


2015ko Abendua 22


Jose Mari Luzarraga Mondragon Taldeko irakaslea eta Ana Mª Urrutia, Cuidados Dignos Fundazioko zuzendaria Ashoka Ekintzaile Sozialen sareko kide egin dira. Ashoka proiektu sozial berritzaileak bultzatzen dituzten pertsonen nazioarteko komunitate handiena da.

Luzarraga eta Urrutiarekin batera, Rafael Matesanz, Transplanteen Espainiako Erakundeko zuzendaria ere aukeratua izan da 2015eko Ashoka Fellows izendatzeko, erronka sozial handiak konpontzen dituzten eta gizartean inpaktu positiboa sortzen duten proiektu edo ereduak bultzatzeko egiten duen lanagatik. Abenduaren 16an Madrilen izendatu zituzten bazkide berriak, Ashoka España sareak antolatutako ekitaldi batean. Garaikur horren bitartez, hiru ekintzaile horiek laguntza estrategikoa jasoko dute beren proiektuak indartu eta bultzatzeko, eta, halaber, aukera izango dute berdinen arteko laguntzarako nazioarteko Ashoka sarean sartzeko.

Jose Mari Luzarraga da Mondragon Unibertsitateko LEINN graduaren alma materra, gazteen espiritu ekintzailea bultzatzen duen Estatuko lehen gradu ofizialarena, alegia. LEINN –Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza izenaren siglak gaztelaniaz- graduak ekintzailetza sustatzen du belaunaldi berrien artean, taldeko lanean eta ekintzaren bidezko ikaskuntzan oinarritutako hezkuntza ereduaren bitartez. Titulazio horrek ez dauka ikasgairik; ikasleek enpresa erreal bat sortzen dute lehen eskola egunean, eta pixkanaka, esperientziaren bidez bereganatzen dituzte behar dituzten ezagutza guztiak.

Ana Mª Urrutia doktorea Gernikako Cuidados Dignos Fundazioaren bultzatzaile eta zuzendaria da. Erakundearen helburu nagusia da pertsonen eskubideak errespeta daitezela geriatria eta gerontologiako zaintzan. Fundazio horren hasierako ekimenetako bat izan zen, lokailu fisiko eta farmakologikoak desagerraraztea. Horretarako, menpekotasuna duten pertsonak duintzeko zerbitzuak eskaintzen dituzte. Fundazioaren zereginetako batzuk dira  paziente bakoitzaren premia, nahi eta kezketan oinarritutako zaintza eredu etiko eta pertsonalizatua eskaintzea; hori guztia, sentsibilizazioaren, ikerketaren eta ezagutza transmisioaren bitartez.

Rafael Matesanz Transplanteen Espainiako Erakundeko zuzendaria da; Espainia mundu mailako liderra da organo-emaile kopuruan, eta berak egindako lanari zor zaio lorpen hori neurri handi batean. Izan ere, emaitza eta transplante prozesuak ahalbidetzeko sistema bat aplikatu du, ahalik eta gardentasuna handiena eskainiz, mediku taldeei prestakuntza emanez, eta transplanteen koordinatzailearen figura sortuz.

87 herrialdetako 3.300dik gora ekintzaile sozialek osatutako sarea da Ashoka. Irabazi asmorik gabeko antolakunde horrek helburutzat du nazioartean ekosistema bat sortzea ekintzaile sozialentzat, eta laguntza ematen die ideia berritzaileak dituzten pertsonei, erronka sozial handiei erantzungo dieten proiektuak burutu ditzaten.