Lectura Fácil Euskadi proiektuak 3 urte daramatza irakurketa arloko demokrazia sustatzen

2015ko Urria 06,

spri-lecturafacil3aniver
Lectura Fácil Euskadi ekimenak 84 irakurketa klub dauzka martxan liburutegi eta bestelako erakundeetan

Lectura Fácil Euskadi proiektua 2012an sortu zen, irakurtzeko zailtasunak dituzten pertsonek irakurtzeko eskubidea dutela defendatzeko. Proiektuaren bultzatzaile Blanca Matak dioenez, biztanleria talde hori pentsa zitekeena baino askoz zabalagoa da, hiritarren %30ekoa alegia. Talde horren barruan daude adimen ezgaitasuna duten pertsonak, pertsona nagusiak, dislexia dutenak edo oraindik hizkuntza menperatzen ez duten etorkinak.

Lanean hasi zenetik hiru urte igaro direnean, LFEri esker Euskadi da irakurketa erraza gehien txertatu duen Autonomia Erkidegoa, Kataluniak bakarrik gainditzen duelarik. “Hasi ginenean erabateko hutsunea aurkitu genuen, hutsetik hasi behar izan genuen”, azaldu du Blanca Matak. “Hiru urte geroago, jomugatzat genituen esparru guztietara iritsi gara EAEko hiru lurraldeetan”.

Denbora horretan, Lectura Fácil Euskadi ekimenak lankidetza harremanak sortu ditu liburutegiekin, askotariko kolektiboekin lan egiten duten erakundeekin (ezintasunak dituzten pertsonen kolektiboak, pertsona nagusien kolektiboak eta etorkinenak) editorialekin, erakundeekin eta enpresekin. Guztira, akordioak sinatu dituzte oso desberdinak diren 35 antolakunderekin, besteak beste, Gasteiz eta Bilboko Udaletan lan egiteko, Enkarterrietako Museoko testuak egokitzeko, eta bere dokumentuak pertsona guztientzako modu irisgarrian eskaini nahi dituen higiezinen agentzia baterako. “Oso gustura gaude, irakurketa errazaren kontzeptua edozein esparrutan aurkeztuta ere oso ongi hartu gaituztelako, eta aplikatzen dutenean konturatzen direlako zein beharrezkoa den”, azaldu du Blanca Matak.

Hiru urteotan gehien zabaldu den ekimenetako bat irakurketa errazeko klubena izan da. EAE osoan 84 talde aktibo daude, eta kontuan hartzekoa da Estatuan 300 daudela guztira. Gainera, aitzindariak izan dira kolektibo espezifikoentzako (garuneko paralisia dutenak, autismoa duten gazteak, eta abar) irakurketa klubak sortzen. Esperientzia mistoak ere egin dituzte, talde berean pertsona nagusiak eta adimen ezgaitasunak dituzten pertsonak nahastuz.

Era berean, LFE-k irakurketa errazeko edukien euskarazko sorkuntza ere bultzatu du. Une honetan, Gaumin editorialak argitaratutako lau liburu daude, Ediciones Beta etxeak kaleratutako haurrentzako liburu bat eta laster kaleratuko diren nobedade gehiago ere bai.  Hala ere, Lectura Fácil Euskadi ekimeneko fundatzaileak azpimarratu du, asko aurreratu den arren mundu editorialak gehiago inplikatu behar duela, eduki gutxi daudelako. LFEren arabera, irakurketa erraza askoz ere gehiago hedatu behar da erakundeetan. “Gai garrantzitsua da, lotura zuzenak ditu informazioaren irisgarritasunarekin eta informazioa modu argi eta sinplean jasotzeko eskubidearekin, hori ezinbestekoa baita gizartean parte-hartze aktiboa lortzeko” azaldu du Blanca Matak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke