Lea-Artibaik Ekonomia Urdinaren alde egin du enpresa aukera berriak bultzatzeko

2015ko Maiatza 14,

spri_innovacion_AzaroFundazioaEconomiaAzul
Ekonomia Urdinaren logoa.

Lea-Artibai eskualdean lau proiektu pilotu berri jarri dira martxan Azaro Fundazioaren bitartez. Lau proiektu horiek Ekonomia Urdinaren printzipioak aplikatzen dituzte, zeinak enpresen hondakinak berrerabiltzen baititu negozio ildo berriak sortzeko. Maiatzaren 26an fundazioak jardunaldi bat antolatuko du Gunter Paulirekin, teoria honen sortzailearekin, eskaintzen dituen aukerak ezagutzera eramateko.

Azaro Fundazioa duela urte eta erdi hasi zen lanean Gunter Pauli-rekin  Ekonomia Urdinak enpresen produktibitatea handitzeko eta eskualdean negozio-ildo berriak sortzeko duen potentziala aztertzeko. Lankidetza horretatik abiatuta lau proiektu pilotu jarri dituzte martxan sektore desberdinetan, eta dagoeneko frogatuta geratu da estrategiaren bideragarritasuna. “Ekonomia Urdinak balioa handitzen die enpresa batean sortzen diren output edo hondakinei eta jarduera berri bateko input bihurtzen ditu, balio erantsia sortuz”, azaldu du Ainara Basurkok, Azaro Fundazioko zuzendariak; “abantaila garrantzitsu bat du beste metodologia batzuen aldean: tokian tokiko baliabideak aprobetxatzen ditu, lurralde bereko jarduera desberdinen artean konexioak bilatuz”.

Ekonomia Urdinaren metodologia tokiko eragileei ezagutzera emateko, Azaro Fundazioak hedapen jardunaldi bat antolatuko du Markina-Xemeinen. Topaketa horretan parte hartuko du Gunter Pauli ekintzaile belgikarrak eta Ekonomia Urdinean oinarritu diren hainbat kasu arrakastatsu azalduko ditu, maila lokalean izan ditzakeen aplikazio posibleak erakusteko. Jardunaldian parte hartuko dute baita ere Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Saileko ikasleek eta UPV/EHUk Gasteizen duen fakultatekoek. “Metodologia hau gazteei hurbildu nahi diegu, aukera berriak ikus ditzaten beren etorkizuneko proiektuak bideratzeko orduan”, azaldu du Ainara Basurkok.

Ekonomia Urdina tokiko ingurunean aplikatu duten proiektuen adibide bezala, Lea-Artibain badira martxan hainbat proiektu pilotu. Lehenengoa ahuntz gazta egiten duen enpresa txiki bat izan zen, jardueraren marjina estuen ondorioz gero eta zailtasun handiagoak zituena lan egiteko. Gunter Paulirekin batera egoera aztertu ondoren, aukera ikusi zuten ahuntz gaztarekin izozkiak ekoizteko, izan ere lehengai gutxiago behar dute eta onura eta produktibitate marjina handiagoak sortzen dituzte. Gaur egun enpresa hasia da izozki horiek produzitzen, eta tokiko banatzaileekin harremanetan jarri dira.

Eskualdean beste proiektu pilotu bat ere bultzatu dute: Lekeitioko ekipamendu publikoak ur beroarekin hornitu nahi dituzte biomasa eta eguzki xafla hibridoak erabiliz. Ekimen honek epe luzean herri osora hedatu nahi du hornikuntza hori. Martxan dagoen beste ekimen batek arrautzak ekoizten dituen granja bateko hondakinak berraprobetxatzen eta tratatzen ditu, sojarik erosi behar ez izateko. “Guk produkzio prozesuak aztertzen ditugu, ikusteko zer hondakin dagoen eta horri beste balio bat ematen diogu errendimendua hobetzeko edo, are gehiago, produktu osagarriak sortzeko” azaldu du Ainara Basurkok.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke