Lantegi Batuak eta Eurest Euskadi proiektu batean elkartu dira sukaldaritza sektoreko laneratzea bultzatzeko

2015ko Urria 15,

spri_innovacion_LantegiBatuakEurest
Lantegi Batuak enpresaren irudia.

Lantegi Batuak enpresak akordio bat sinatu berri du sukaldaritza-zerbitzuak ematen dituen Eurest Euskadi konpainiarekin, eta aliantza horri esker, lehenengoaren esku geldituko da bigarrenak Derion dituen sukaldeen kudeaketa. Derioko espazio horrek 1.000tik gora metro koadro ditu eta egunean 4.000 otordu baino gehiago prestatzen dira bertan. Lankidetza horren bidez, hasieran proiektuak 20 lanpostu berri sortuko ditu ezgaitasunak dituzten pertsonentzat, zeintzuek eguneroko menuak egingo baitituzte eguneko zentro, egoitza, zentro okupazional, ospitale eta etxerako janari zerbitzuetarako, betiere inguruko produktu ekologikoak lehenetsiz. Ekimena martxan jarri ahal izateko, 1,3 milioi euro inbertitu dituzte zentroa atontzen, eta Eurest Euskadi enpresak 300.000 euro jarri ditu guztira.

Sukaldaritzako konpainiak sukalde zentral berriak eta elikadura arloko I+G+B-ko laborategi bat egingo ditu. Instalazio berrietan eskolentzako 19.000 menu inguru prestatuko dituzte egunero, eta beraz 16 lanpostu berri sortuko dira enpresan. I+G+B-ko zentroan maila nutrizional altuko elikagai berriak ikertuko dituzte, osasuntsuagoak eta jatorri lokalekoak, eta ekimen hori Eurest Euskadi enpresak AZTI-Tecnalia elikadura arloko ikerketako teknologi zentroarekin adostu duen lankidetza estrategiaren barruan kokatzen da. Sukalde eta laborategi berriak martxan jartzeko Compass Group taldeak 3 milioi euroko inbertsioa egin du, zeinaren barruan baitago Eurest Euskadi.

Lantegi Batuak irabazi asmorik gabeko antolakunde bat da, adimen ezgaitasunak dituzten pertsonen laneratzea sustatzen duena. Gaur egun 2.800 lagun baino gehiago enplegatzen ditu. 2015-2017 urteetarako plan estrategikoan adierazten den bezala, erakundeak helburutzat dauka datozen 3 urteetan 130 enplegu berri sortzea bere 25 zentroen eta zerbitzu-sare zabalaren bidez, zeinak bere baitan hartzen baititu ostalaritza-, elektronika-, automozio-, logistika-, lorezaintza- eta garbiketa-zerbitzuak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke