Lantegi Batuak-ek kanpaina bat jarri du martxan lan aukera gehiago eskaintzeko

2015ko Uztaila 21,

spri_innovación_LantegiBatuakCortadiscapacidad
Corta con tu discapacidad-Eten zure urritasuna kanpaina.

Lantegi Batuak erakundeak, ezintasunak dituzten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea helburu dituenak, “Eten zure urritasuna”  kanpaina jarri du martxan, adimen ezintasuna, ezintasun fisikoa edo zentzumen ezintasunak dituzten eta Bizkaian lana bilatu nahi duten pertsonentzat.

Ekintza honen bidez, erakundeak 130 lanpostu berri sortu nahi ditu datozen hiru urteetan antolakundearen zentroetan eta haien zerbitzu sarean. Kanpaina hau kualifikazioa duten eta ez duten pertsonei zuzentzen zaie industria eta zerbitzuen sektoreetan sortuko diren lanpostuak estaltzeko, eta Lantegi Batuak-ek martxoan aurkeztu zuen 2015-2017 Plan Estrategikoaren barruan dago.

Plan horren asmoa da lan aukera berriak sortzea ezintasunak dituzten bizkaitarrentzat, eta itxaron zerrendarik egon ez dadila beren zerbitzu okupazionalak eskuratzeko. Erakundeak dioenez, 2012tik hona 191 lanpostu berri sortu dira eta aurreikuspenei jarraiki, 6 urte barru 321 lanpostutara iritsiko da sortutako enplegu kopurua.

Datu baikor horien arrazoia da Lantegi Batuak-ek dibertsifikazio estrategia bati jarraitzen diola eta azken urteetan zerbitzuen sektorera zabaldu dela hainbat proiekturekin: 2012an BBK Good Hostel ireki zuten, ezintasuna duten pertsonek kudeatzen duten aterpetxea; Diversity taberna daukate Bilboko hirigunean, eta A-8 autobideko Zornotzako zerbitzu-gunea kudeatzen dute pasa den martxoaz geroztik. Ostalaritza ekimen horiekin batera, lan aukera gehiago ere eskaintzen ditu  besteak beste elektronika, mekanizatu, logistika, garbiketa eta lorezaintza arloetan.

Zahartze aktibo eta osasuntsurantz

Ezintasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta haientzako lan aukerak ugaritzeko estrategiaren barruan, Lantegi Batuak-ek Zahartze Aktiboa ekimena dauka martxan. Proiektu hori 2014. urtearen amaieran abiatu zen Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin eta 2015ean garapen fasean dago. Proiektu horren bidez zahartzearen efektu negatiboak murrizteko metodologiak eta tresnak diseinatuko dituzte, efektu negatibo horiek 50 urtetik aurrera agertzen baitira ezintasunak dituzten pertsona askorengan.

Helburu nagusia da osasun fisiko eta emozionala hobetzea, Lantegi Batuak-en bost zentroetan ezartzen ari diren esperientzien bitartez. Horietako batzuk dira Feldenkrais, psikomotrizitatea hobetzeko gorputz terapia, afektibitatea lantzeko bio-dantza saioak, eta zentzumenen erabilera estimulatzeko areto multi-sentsorialak. Asmoa da proiektua etorkizunean baliagarri izan dadila beste antolakunde eta kolektibo batzuentzat.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke