“Kulturak itzulera ekonomiko eta kuantifikagarria duela frogatzen dugu”

2015ko Maiatza 28,

spri_innovacion_EntrevCultumetria_AlvaroFierro
Alvaro Fierro.

Álvaro Fierro, Urbegi Product Research taldeko ikerlaria. Urbegi taldeak eta Kultiba enpresak ikerketa-ildo bat dute martxan kulturaren inpaktua neurtzeko. Hau da, kultur jardueren itzulera ekonomiko eta sozialak datutan adierazten dituzte itzulera horri balioa eman ahal izateko. Ekitaldi handiez harago, lantalde honek identifikatzen ditu kulturan eta aisialdian inbertitzeak epe luzera dakartzan onurak, adibidez, enplegu sorkuntza edo baita ere lurraldeko hezkuntza-indizeen hazkundea. Maiatzaren 8an Kultumetria: kulturaren inpaktua neurtzeko II. Jardunaldia antolatu zuten.

Zer da kultumetria?

Datuen azterketan oinarritzen da. Kultura militantearen ikuspegitik (gu geu militanteak garelako, gustatzen zaigulako dihardugu honetan), interesgarria iruditu zitzaigun kulturak gizartean duen inpaktuari buruzko ikerketa-ildo bat irekitzea. Asmoa da datuak aztertuz adierazle batzuk estandarizatzea, gero informazio hori eskualdeko kultura arloko aurrekontuekin gurutzatzeko eta egiaztatzeko badagoen aldagai sozialekiko korrelazio positiborik. Hau da, kultura arloko aurrekontua urtez urte handitzeak berekin dakarren gaztetxoen hezkuntza tasaren hazkundea, esaterako. Hori da kultumetria. Guk turismo, kultura eta aisialdi sektoreetan lan egiten dugu, baina beste esparru batzuetara ere eraman liteke, esaterako, ekintzailetzara.

Eta zer azaleratzen dute analisi horiek?

Gure aldetik harropuzkeria litzateke zerbait berritzailea egiten ari garela esatea, beste pertsona batzuk eginiko azterlan eta proiektuetan oinarritzen baikara. Baina merkatuari begira, oso interesgarria da ikustea nola erreakzionatzen duten arduradun politikoek, kultur teknikariek edo agintean daudenek gure azterlanak erakusten dizkiegunean. Askotan esaten digute kulturara bideratzen den diruak ez daukala itzulerarik, gastu bat dela. Ekitaldi bat egin eta sarrerak saltzen badituzte baino ez dute ikusten itzulerarik, eta normalean pentsatzen da herriaren onurarako antolatutako kultur jarduerek ez dakartela halakorik. Guk frogatu nahi dugu badutela bai itzulera ekonomikoa eta baita ere soziala.

Lortu duzue hori frogatzea?

Ikuspegi ekonomikotik, agerikoa da zuzeneko eta zeharkako lanpostuak sortzen direla, esaterako ostalaritzan, baina egia da eragindako lanpostuak ere sortzen direla. Kulturan inbertitzen duzun euro bakoitzak herrestatze-efektua du ekonomian. Demagun euro bat ematen diozula pertsona bati zerbitzu bat kontratatzeko, eta euro hori jaso duenak ere beste zerbitzu bat kontratatzen duela, eta horrela hurrenez hurren. Posible da enplegua sortzea norbera konturatu ere egin gabe, herrian bertan egindako proiektu baten bidez. Hala, kultur teknikari edo zinegotzi batek aurrekontuak eskatu behar dituenean datuak izango ditu eskuartean eta frogatu ahal izango du onuragarria dela gizartearentzat.

Eta itzulera soziala?

Gizartearen ikuspegitik zailagoa da efektu hori neurtzea. Itzulera sozialak aldagai marko oso zabala barne hartzen du: iraupen luzeko langabetuak, migratzaileak, emakumeak, delinkuentzia indizeak… Epe laburrean zaila da kulturak eremu horietan izan dezakeen eragina neurtzea, baina historiko bat osatzen bada, beste aldagai batzuekin gurutzatzeko adinako tamaina duena, ikus dezakegu, frogatu ezin badugu ere, kulturan eginiko inbertsioari esker delinkuentzia tasa murriztu dela edo hezkuntza arloko indizeak hobetu direla. Baita ere erakutsi daiteke nolako aukera galera dagoen kulturan ez inbertitzeagatik. Bada gure ustez oso interesgarria den datu bat, eta batez ere 20.000 biztanle baino gehiagoko herrietan egiaztatu ahal izan duguna: kulturako inbertsioa urtez urte handituz gero, herriaren zor bizia murriztu egiten da. Paradoxikoa dirudi baldin eta pentsatzen badugu kulturako aurrekontuak itzulera kuantifikagarririk gabeko gastuak direla, baina egia da zeharkako eta eragindako enplegua sortzen dela eta horri esker lurraldeko enpresek lanean jarraitzen dutela. Ez da erraza hori ikustea, horregatik saiatzen gara ikusarazten.

Barakaldoko Udalarekin lan egin duzue kulturaren inpaktua neurtzen, nolakoa izan da prozesua?

Barakaldo hiri post-industriala da, industria astunean zentratutako ekonomia izan du urte askotan, eta orain, Bilbok egin zuen bezala, ekonomia eredu berri baterantz bideratu da, kultura eta zerbitzuak oinarritzat harturik. Trantsizio prozesu betean dago eta hauxe da neurketak egiteko une interesgarria. Udalarekin eta Frantziako Tournefeuille hiriarekin lan egin dugu Tierras de Imaginario izeneko mugaz gaindiko proiektu batean. Emaitzak neurtzean jabetu gara positiboa izan dela, bai ekonomikoki eta baita ere sozialki.

Nolakoak izan dira emaitzak?

Oso interesgarria da jakitea, adibidez, zuzeneko eta eragindako enpleguaren zati handiena Barakaldon bertan edo ezkerraldean gelditu dela. Udalak sortutako zuzeneko lanpostu bakoitzeko eragindako beste bederatzi sortu ziren. Baina ez genuke hor gelditu behar. Oso ondo dago enplegua sortzea, baina ikuspegi ekonomizistaz harago begiratu behar dugu, badaudelako faktore ukiezinak ere, esaterako, gizartea hazten eta heltzen ari dela herrian kultur jarduerak daudelako, beti ere kultura gizartearen parte dela ulertuz.

Zein proiektutan parte hartu duzue?

Getxoko jaiekin lotutako festa batean lan egin genuen. Udalak urte osoan zehar egiten ziren jarduera ertainen inpaktua neurtu nahi zuen. Batzuetan inpaktu azterketa handiagoek itsutzen gaituzte, esaterako BBK Live, Zinemaldia edo Aste Nagusia bezalako ekimenek sor ditzaketenek… Baina jarduera arruntek badute beren eragina gizartean, eta interesgarria da hori neurtzea. Bilbon ere gauza bera gertatzen zen auzoetan; adibidez, nola neurtu Olabeagako jaien inpaktua? Jaien batzordeak jasotzen duen diruak balio al du kultur jarduerak sortzeko eta horrela hiritarrengan jakin-mina pizteko ezagutzen ez zituzten gaien aldera? Horixe da erronka, informazio gutxi ematen duten ekintza txikiagoak neurtzea, eta jakina asko borrokatu behar da informazio hori lortzeko.

Zein metodologia erabiltzen duzue?

Garrantzitsuena marko teorikoa definitzea da, zer neurtu nahi den, alegia. Gauza jakina da datuak gero eta ugariagoak direla, baina hori baino garrantzitsuagoa da  jakitea zer eta zergatik neurtu nahi den. Adostasun lana egin behar da, gero datu bilaketa hasten da eta datu horiek adierazle bihurtu behar dira, dagokien organismoen babesarekin. Hau da, adierazle propioak egiten ditugu, baina datuak estandarizatzen eta ontzat ematen dituzten organismoen informazioan oinarrituta. Gehienetan Interneten bilatzen dugu inpaktu soziala, hau da, ekitaldi zehatz batekin lotutako gako hitzak monitorizatzen ditugu eta horrela euskarri bat ematen diogu inpaktu sozialari, zenbakitan jarriz.

Orain zertan ari zarete lanean?

Ildo honetan ikertzen jarraitu nahi dugu, oraindik asko baitago egiteko. Erakunde pribatuekin ere lan egin nahi dugu. Gero eta erakunde pribatu gehiagok neurtu nahi du ekoizten duen inpaktu ekonomikoa, maila ekonomikoan edo sozialean onura bat sortzen ari ote den jakiteko, eta hala bada ikusarazteko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke