“Konbinatu zure mugikortasuna”, garraio eraginkor eta sostengarrirako formula onena

2015ko Uztaila 29,

spri_innovacion_SemanaMovilidad2015
Ekimenaren kartela.

Mugikortasunaren Europako Astea hasi da jada irailaren 16tik 22ra egingo den hurrengo edizioa prestatzen. “Aukeratu, aldatu, konbinatu zure mugikortasuna” da aurtengo kanpainaren leloa, lelo horren bidez azpimarratzeko onurak sortzen direla ingurumen arloan, arlo ekonomikoan eta osasun arloan eguneroko joan-etorrietan hainbat garraiobide  konbinatzen badira.

European Mobility Week ekimenaren antolatzaileek ireki dute izena emateko epea jarduerak antolatuz kanpainarekin bat egin nahi duten herri eta hirientzat. Parte-hartzaileen zerrendan sartu nahi dutenak ekimenaren Europa mailako webaren bitartez erregistra daitezke, eta Udalsarea 21-ek ere espazio bat sortuko du informazioarekin eta baliabideekin.

Udalerriek hiru aukera dituzte: jardueraz betetako aste bat egitea, autorik gabeko egun bat antolatzea –aurten irailaren 22an- edo gutxienez neurri iraunkor bat hartzea ingurumena errespetatzen duen garraioa sustatzeko. Hiru aukerak inplementatzen dituzten hiriak Mugikortasun Sostengarriaren Asteko Europako Saria irabazteko lehian sartuko dira. Iaz guztira 44 herrialdetako 2.013 hirik parte hartu zuten kanpainan, eta erdiak baino gehiagok mugikortasun sostengarria sustatzeko neurri iraunkorrak inplementatu zituzten, bereziki oinezkoentzako eta bizikletentzako azpiegiturak hobetuz.

Europar Batasunak garraio sostengarria bultzatzeko garatu dituen estrategien markoan, PASTA –Physical Activity Through Sustainable Transport Approaches- proiektua ere badago martxan. Ekimen horrek kanpaina bat ireki du oinezko eta bizikletazko mugikortasuna bultzatuz hiriko osasuna eta bizi kalitatea hobetu duten neurriak bilatzeko. Proiektua osasun, hiri antolamendu eta garraio esparruen arteko lankidetza proiektuei zuzenduta dago batez ere eta jardunbide egokienak 2017an argitaratuko den liburu batean jasoko dituzte.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke