ES | EU


2016ko Urtarrila 05


Onlineko erosketak egitean arazo bat sortzen da, etxean egon behar izaten delako bidalketa jaso ahal izateko, baina inoiz ez da jakiten noiz etorriko den mezularia paketea entregatzera. Arazo horixe konpontzeko sortu da Koiki zerbitzua. Horrezaz gain, enpresak balio sozial handia du, bidalketak entregatu eta jasotzeko zerbitzu bakoitzak onurak sortzen dituelako ingurumenerako eta egoera larrian dauden pertsonen laneratzea sustatzen duelako.

Ekimena koikiz osatutako sare batean oinarritzen da; Koikiak ezgaitasuna duten pertsonak dira, zure inguruan bizi direnak, eta prest daudenak zure paketeak jasotzeko edota bidaltzeko. Koiki aplikazio mugikorraren bidez, zerbitzuaren erabiltzailearekin harremanetan jartzen dira bidalketa jasotzen dutenean, eta etxean entregatzen diote hitzartutako orduan. Erabiltzailearengandik hurbil daudenez, entregak oinez edo bizikletan egiten dira, hala, zerbitzuak ez du inpakturik ingurumenean. Proiektuaren atarian ikus daiteke banaketa bakoitzarekin 0,42 kg CO2 aurrezten dela.

Zerbitzuaren funtzionamendua oso sinplea da. Nahikoa da erabiltzaile gisa erregistratzea, eta Internetez erosketaren bat egitean,  auzoan lan egiten duen konfiantzazko Koikiaren helbidea ematea. Berak jasoko du paketea, eta etxean noiz entregatu galdetuko dizu. Enpresak alderantzizko zerbitzua ere eskaintzen du, hau da, etxean jasoko dizu bidali nahi duzun paketea, garraio enpresa batera eramateko.

Aitor Ojanguren euskal ekintzaileak sortutako ekimena da Koiki, eta gaur egun martxan dago Gipuzkoan, Madrilen eta Bartzelonan. Ezgaitasunak dituzten pertsonen aldeko elkarteekin, GKEekin eta enplegu zentro bereziekin lan egiten dute, adimen ezgaitasuna duten edo egoera larrian dauden pertsonei lan aukerak emateko. Koiki mezulari gisa lan egin nahi dutenek proiektuaren web orritik eman dezakete izena ekimenean.

Proiektu hau Europako Inbertsio Bankuak antolatzen duen Berrikuntza Soziala 2015 sariaren hiru irabazleetako bat izan zen, zeinetara 29 herrialdetako 300 parte-hartzaile baino gehiago aurkeztu baitziren. Bestalde, Koiki finalista izateko hautatua izan zen 5G Innova lehiaketan; Grupo 5 erakundeak antolatzen duen sariketa horrek ekintzailetza sozialeko ekimen onenak nabarmentzen ditu. Deialdi hartan finalista izan zen baita ere Hernanin kokatutako Karabeleko irabazi asmorik gabeko elkartea, zeinak nekazaritza ekologikoa sustatzen baitu, laguntza eskaintzen dielarik bazterkeria sozialeko egoeran dauden kolektiboei.

Koiki, zure auzokideek eginiko garraioa