Jaurlaritzaren laguntzak zure enpresa hobetu dezazun

2015ko Maiatza 13,

spri_innovacion_jornada-innobideak jornada
Innobideak estrategiari buruz Ihardunaldia.

Euskal enpresek asteazken honetan ezagutu dituzte Eusko Jaurlaritzak beren hobekuntza lehiakorrerako eskaintzen dizkien laguntzak. SPRI Taldeak (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpe dagoen enpresen garapenerako agentziak) antolatutako jardunaldi batean Innobideak estrategiaren barruko programak azaldu dira. Programa horien bidez hainbat alderdi bultzatu nahi dira, hala nola berrikuntza ez teknologikoa, enpresetako parte hartzea, kudeaketa aurreratua eta enpresa bikaintasuna. Guztira ia bost milioi euro banatuko dira laguntzatan.

CEDEMIn (Ezkerraldeko Enpresa Garatzeko Zentroa, S.A) eginiko jardunaldi horretan euskal enpresek bertatik bertara ezagutu dituzte zeintzuk diren diruz lagundu daitezkeen proiektu motak eta balorazio irizpideak eta zein den programen funtzionamendua.

Josu Ocarizek (SPRI) azaldu du Innobideak estrategiaren barruan daudela Lehiabide, Kudeabide, Pertsonak eta Prestakuntza programak. Lehiabidek produktu, zerbitzu edota merkatuen dibertsifikazioa bultzatzen du. Kudeabidek kudeaketa aurreratuko metodologia, tresna eta printzipioen ezarpena sustatzen du. Pertsonak programaren helburua da langileek enpresaren kudeaketan parte har dezatela eta Prestakuntza programaren bidez dohaineko prestakuntza jardunaldiak egiten dira Kudeaketa Aurreratuaren giltzarriak ezagutarazteko.

“Lehiabideren bitartez enpresak ezagutzen ez dituen jarduerak sustatzen ditugu. Laguntza ematen dugu ezagutza berria sartzeko enpresan” adierazi du Ocarizek. Asmoa da baita ere merkatu berriak garatzea, adibidez, “ogia norbere saltokian bakarrik saldu beharrean, supermerkatuetara ere eramatea”. Bakarkako proiektuen kasuan, enpresek gutxienez 10 langileko plantilla izan behar dute eta proiektuaren kostuaren %50erainoko diru-laguntza jaso dezakete 45.000 euroko mugarekin. Lankidetzako proiektuetan, enpresa parte-hartzaileek gutxienez 40 langileko plantillak eduki behar dituzte. Proiektuaren kostuaren %60rainoko diru-laguntza jaso dezakete, 100.000 euroko mugarekin.

“Diru-laguntzaren bidez batez ere ezagutza berri horretan lagunduko duen adituaren gastua ordaintzen dugu eta parte hartu duten langileen gastuen %30 ere finantzatzen dugu”, azaldu du Ocarizek.

Kudeabide programa Hiru Foru Aldundiek lankidetzan garatutako ekimen bat da, Euskalit erakundearen laguntza duena, eta SPRIk 50 langile baino gehiagoko enpresei laguntzen die programa horren bidez. Kasu honetan enpresek 25.000 euroko gehienezko diru-laguntzak jaso ditzakete proiektu bakoitzeko. “Kudeaketa aurreratuko kanpo kontraste bat egiteko da eta kanpoko adituaren lankidetza finantzatzen dugu. Programa hau ez da norgehiagoka erregimenean oinarritzen. Iristen diren lehenengoentzat da”, argitu du Josu Ocarizek.

Pertsonak, bestalde, programa berri bat da, eta bere helburua da pertsonek erakundean parte har dezatela. “Gure helburua da enpresetan parte-hartzeko estrategien sistematika bat sortzea, eta horietako asko jada garatzen ari dira.

Diruz lagundu daitezkeen jardueren artean daude hasierako diagnostikoa edo baita ere parte hartzeko planak ezartzeko laguntza”. Laguntzak ematen dira kanpoko gastuak eta parte hartzen duten enpresako pertsonen gastuak ordaintzeko. %50 finantzatzen  da 60.000 eurorainoko mugarekin.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke