“Istorioak dosi txikitan” ekimenak SIMO Educación saria jaso du IKTak modu berritzailean erabiltzeagatik

2015ko Azaroa 18,

Irakasle taldeak Hezkuntzako SIMO 2015 saria jaso zuen Madrileko Topaketan.

Lau unibertsitatetako Irakasle Eskoletako irakasle talde batek (UPV/EHU, Kantabriako Unibertsitatea, Universitat Jaume I eta Universitat de les Illes Balears) hezkuntza arloko ekimen bat dauka martxan, zeinaren bidez IKTak erabiltzen baitituzte ikus-entzunezko proiektu sortzaileak garatzeko. 2014-2015 ikasturtean Istorioak dosi txikitan deitu zioten esperientziari. Helburua zen ikasleek film labur bat egin zezatela prozesu osoa beren gain hartuz, hau da: gidoia sortzea, grabatzea, soinu banda egitea eta bideoa editatzea.

Ekimenak SIMO Educación saria jaso du aurten, Dispositibo mugikorrekin garatutako IKT proiektu onenaren kategorian,  teknologia digitalen erabilpen sortzaile eta berritzailea egiteagatik irakaskuntzaren arloan. Bilboko Irakasle Eskolako irakasle Cristina Arriaga da proiektuaren arduraduna UPV/EHUn; eta esperientzia horretan, Musika Hezkuntzako Graduko ikasleekin lan egin zuen, Prestakuntza Instrumentala ikasgaiaren barruan. Ikasle talde bakoitzak film labur bat egin zuen. Sakelako telefonoak erabili zituzten grabatzeko, eta irudia eta soinua editatzeko programekin egin zuten muntaia. Ondoren, Interneteko plataforma batean eseki zuten gainerako taldeekin partekatzeko.

Proiektu horrek irakasle taldeak bultzatutako ikerketa ekimen batean du jatorria. “2013an hasi ginen, eta proiektu desberdin bat egiten dugu urtero” azaldu zuen Cristina Arriagak “baina denek dute helburu komun bat: proiektu berritzaile eta sortzaile bat proposatzea, zeinaren bidez arteak eta teknologia erabiliko baitira ikasgai desberdinak lantzeko”. Lehen urtean ikasleek Soneto Viajero edo bidaia-soneto bat sortu behar izan zuten: olerki bat idatzi zuten, musika jarri zioten eta azkenik irudiz lagundu zuten. Aurten, Prestakuntza Instrumentala ikasgaiko ikasleek irrati-drama bat egin beharko dute, gidoi literario bat alegia, eta ondoren soinua jarri beharko diote. Arriagak adierazi duenez, “zentzu sortzailea eta kritikoa garatu dezaten nahi dugu” ; “etorkizuneko irakasleak dira eta horregatik, teknologia berriak ezagutu behar dituzte eta hezkuntza edukiak garatzen ikasi behar dute adimen anitzak eta taldeko lana baliatuz”.

Saria urriaren 30ean banatu zen Madrilen, Irakaskuntzarako Teknologiaren Topaketan. Sari horiek aitortza egiten diote irakasle eta erakundeek hezkuntza sektorean IKTak sartzeko egiten duten lanari.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke