Iñigo Urkullu lehendakariak Bergarako Erreka enpresa bisitatu du, Basque Industry 4.0-ren eredugarria

2016ko Urtarrila 14,

spri_innovacion_lehendakari visita empresa Erreka (Medium)
Iñigo Urkullu lehendakaria, Erreka empresaren bisitaldian.

Industria-eragileen arteko lankidetza handiagoa eskatu du Urkulluk, enpresek bakarka eman ezineko erantzunak eskatzen baititu laugarren iraultzak. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Bergarako Erreka enpresaren instalazioak bisitatu ditu gaur; han, lan-bilera bat egin du Mondragon Taldeko enpresa horren arduradunekin eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko taldearekin.

Bisitaren helburua hau zen: zuzenean ezagutzea Erreka enpresaren Fastening Solutions dibisioak landutako proiektu aurreratuenak –euspeneko eta torlojugintzako smart proiektuak, edo adimendunak–, Eusko Jaurlaritzak Basque Industry 4.0ren adibide gisa hautatu ditueta.

Lehendakariak Arantxa Tapia sailburua, Mondragon Taldearen presidente Javier Sotil eta Erreka enpresaren presidente Eneko Zubeldia izan ditu bisita-lagun.

Urkulluk nabarmendu du Euskadik jauzi kualitatiboa eman behar duela industrian, krisialdiaren irteerari erantzun fidagarria emateko eta krisiosteko martxari indarrez ekiteko. ERREKAren enpresa eredua lagungarri gerta daiteke zeregin horretan, ondo jakin baitute ekoizpen tradizionaletik eboluzionatzen, haien eta bezeroen produktuetan konponbideak eta adimena eskaini arte.

Lehendakariak euskal industriagintza osatzen duten eragile guztien arteko lankidetzari ere egin dio erreferentzia: direla sektore berekoak, direla sektore desberdinekoak, ezinbestekoa dute lankidetza herrialde-proiektu estrategikoetan elkarren osagarri izateko; izan ere, herrialde gisa indartsu izateko aukera emango digun errezetaren osagai bat da elkarlana.

Laugarren industria-iraultzak, gaineratu du, «erantzun berritzaileak eskatzen ditu, ezein enpresak bakarka eman ezinekoak, izan handi izan txiki. Industriari eskua emanda, Eusko Jaurlaritzak mekanismo eta tresnak eskaintzen dizkio krisialdiaren irteeran eta industria-aro berriranzko bidean guztiok irmo egin dezagun aurrera.

Errekak eta Eusko Jaurlaritzak partekatutako proiektuak

Eusko Jaurlaritzak eta ERREKA enpresak proiektu bat baino gehiago partekatzen dituzte: esaterako, Eibarreko WINDBOX Fabrikazio Aurreratuko Zentroa, Oil&Gas balio-kate osoari laguntzeko ekimenaren sorrera, eta Petronorren hornitzaileen trakzio-sareari bultzada.

Zehaztasun handiko torloju «adimendunak»

ERREKAko arduradunek beren proiektua aurkeztu dute: i-Bolt® torlojuak, zeinek teknologia ultrasonikoa baitarabilte finkapenerako.

Berrogeita hamar mikrako lodierako transduktore baten bitartez, edozein euspen-sistemetan erabilitako torloju bakoitzean sistema adimendun bat txertatu daiteke, halako moldez non torlojuetako bakoitzak trazabilitate bakarra izango baitu (torlojuaren ADNa balitz bezalaxe); hartara, bizitza osoan zehar monitorizatu daiteke torlojuz finkatutako lotura.

Sistemari esker, zehatz-mehatz hauteman daiteke edozein egitura motatan izan lezakeen eragina, aintzat harturik torlojuzko loturen akatsen % 75 trinkotasunik gabeko estutzeegatik direla.

Gipuzkoako enpresak zazpi herrialdetan ditu ekoizpen eta merkataritzako plantak, eta 350 langileko lantaldea. Horrez gain, 2015ean, Mexikoko PEMEX enpresaren hornitzaile ofizialen sarean sartzea lortu du.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke