Impact4you ekimenak berrikuntza sozial digitaleko proiektu europarrak ireki ditu komunitate osoarentzat

2015ko Urria 05,

spri_innovacion_Impact4you
Impact4you erronka sozialak konpontzea helburu duen Europako Agenda Digitalaren ardatzaren barruan sartzen da.

CAP delakoak –Collective Awareness Platforms for Sustainability and Social Innovation Projects- Europako Batzordeak finantzatutako ekimen batzuk dira, zeintzuen helburua baita arazo sozial zehatzak konpontzea IKTei erabilpen berritzailea emanaz. Asmoa da kode irekiko tresnak garatzea ezagutza banatua sortzeko eta balizko konponbideak bilatzeko erronka sozialentzat.

DecarboNet da proiektu horietako bat; plataforma bat da, zeinaren bidez aztertzen den nola erabil daitezkeen hedabide sozialak hiritarren ohitura aldaketak sustatzeko eta karbono aztarna murrizteko lanetan inplikatzeko.  Proiektu horren bidez garatu da esaterako Energy Toolkit tresna. Paperezko mahai-joko bat da, deskargatu eta inprimatu egin daitekeena,  familiek energia aurrezteko estrategiak presta ditzaten etxean modu ludikoan.

Catalyst da beste ekimenetako bat, zeinak software libreko aplikazioak sortzen baititu pertsona askoren parte-hartzea duten onlineko eztabaidetan erabakiak hartzeko prozesuak sinpletzeko. Proiektu horrek hainbat tresna ematen ditu adimen kolektiboa mobilizatzeko eta ezagutzaren sorkuntza bideratzeko: esaterako, Assembl aplikazioa, kaosa murrizten duen eta onlineko lan kolektiboak egiteko aukera ematen duen softwarea; edo DebateHub, komunitateei onlineko eztabaida bateko ideia esanguratsuenak identifikatzen laguntzen diena.

Berrikuntza sozial digitaleko ekimenen artean, aipatzekoa da halaber SciCafe 2.0 partzuergoa, ingurune digitalera eraman duena kafe zientifikoen kontzeptua. Aipagarriak dira baita ere enpresak irizpide etikoen arabera puntuatzeko Wikirate espazioa edo CAP4Acces, hirietako irisgarritasuna hobetzeko tresnak sortzen dituena (adibidez, Wheelmap.org plataforma).

Horiek dira Europako Batzordearen 7. Programa Markoan finantzatutako lehenengo 12 CAP ekimenetako batzuk, eta Impact4you web orrian kontsultatu daitezke. Web orri horren bidez dagoeneko martxan dauden berrikuntza sozialeko proposamenak ezagutarazten dira. Berrikuntza sozial digitalaren kontzeptua eta bere potentziala publiko zabalagoarengana helarazteaz gain, impact4you espazioa tresna parte-hartzailea da, aukera ematen baitu dagoeneko argitaratuta dauden 12 proiektuak baloratzeko eta haiei buruz eztabaidatzeko, eta baita ere beren bultzatzaileekin harremanetan jartzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke