Ikerketa negozio bihurtzeko helburua

2015ko Urria 08,

spri_innovacion_infodays
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRI Taldeak antolatutako jardunaldi batean azaldu da nola lortu Europako Horizon 2020 programako laguntzak. Programa horrek 80.000 miloi euro banatuko ditu nanozientziak eta fabrikazio aurreratua bezalako sektoreetan. Iaz Horizon 2020 programako I+G+B-ko 171 proiektutan parte hartu zuten 252 euskal erakundek 89,9 milioiko finantzaketa eskuratu zuten.

Europaren asmoa da berrikuntzako ikerketa ez dadila geratu laborategietan, baizik eta proiektu eta negozio bihurtu dadila merkatuan. Horixe izan da ostegun honetan zabaldu den ideia garrantzitsuena  SPRI Taldeak (Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko enpresen garapenerako euskal agentziak) Europako laguntzak nola eskuratu azaltzeko antolatutako jardunaldian. Horizon 2020 ikerketa eta berrikuntza bultzatzeko Europako programa handiena da, eta 2014tik 2020ra bitartean 80.000 euro banatuko ditu.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean antolatutako ostegun honetako jardunaldia nanozientzien, material aurreratuen eta fabrikazio eta eraldaketa aurreratuen sektoreetan zentratu da. Hemendik eta abendura bitartean antolatuko diren sei jardunaldietatik lehena izan da; denak egingo dira EAEko hiru lurraldeetan eta beren bitartez azalduko da nola eskuratu sektore hauetako laguntzak: Osasuna; energia seguru, garbi eta eraginkorra; Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKTak); Garraio Adimenduna, Ekologikoa eta Integratua; Klimaren aldeko Ekintza, Ingurumena, Baliabideen eta Lehengaien Eraginkortasuna, eta Elikagaien Segurtasuna, bioekonomia, nekazaritza, itsasoko eta itsasertzeko ikerketa.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Catalina del Chamorrok esan du euskal erakundeek arrakasta izan dutela Horizon 2020 programako laguntzak eskuratzerakoan. Hala, 2014an I+G+B-ko 171 proiektutan parte hartu zuten 252 erakundek 89,9 milioiko finantzaketa lortu zuten.  “Emaitza horiek Espainiarako finantzaketaren %11,6 dira CDTI-k (enpresa berritzaileei laguntzak ematen dizkien Ekonomia Ministerioaren menpeko erakundeak) bildutako datuen arabera”.

Chamorrok esan duenez, Nanoteknologien, Material aurreratuen eta Fabrikazioaren eta prozesu aurreratuen arloan, 24,3 milioi euroko laguntza jaso da. “64 erakundek parte hartu dute I+G+B-ko 40 proiektutan, eta horietatik 7 euskal erakundeek zuzentzen dituzte eta 3 ETE Tresnaren onuradun izan dira”.

Lucia Iñigok, CDTIko ordezkariak, xeheki azaldu ditu laguntza horiek eskuratzeko egin beharreko urratsak. Esan du oraingo programa honetan badela nobedade bat 2013an bukatutako Horizon 2020 programaren aldean, alegia, “laguntzak ikerketa eta berrikuntza proiektuetarako batera ematen dira, orain arte bananduta eman izan badira ere”.

Baita ere azpimarratu du Europako agintariek ez dituztela onartzen “aplikazio industrialik gabeko” ikerketa proposamenak eta horregatik finantzaketa hau lortu nahi duten erakundeek “azaldu egin behar dute nola sartuko duten merkatuan”. Orain askatasun gehiago dago teknologia aukeratzeko, baina orobat lehia handiagoa, eta zailagoa da ebaluazioa egitea”.

“Europako funtsekin finantzatutako I+Garen erabilera eraginkorra segurtatu behar da”. Mezu hori azpimarratzen zaie ebaluatzaileei” esan du Iñigok.

Innobasque-ko Cristina Ugartek Estatuz gaindiko I+G-ko proiektuei eta lankidetzazko proiektuei zuzendutako Eranet programak azaldu ditu.  “Helburua da I+G-ren nazioartekotzea handitzea, batez ere ETEen kasuan. Merkatutik hurbil dauden proiektuak dira, prozedura sinpleak dira eta Horizon 2020koek baino arrakasta-tasa handiagoak dituzte”.

Javier Lauciricak, IK4-ko ikerketako zuzendariak, Berrikuntzako eta Teknologiako Europako Institutuaren (EIT) zereginaz hitz egin du eta esan du “helburua dela Europan dagoen arazo bat konpontzea: merkatura iristen ez den ikerketa bikaina”. Baita ere azaldu du zein den KICren funtzionamendua. KIC delakoak ikerketaren eta merkatuaren arteko tarte hori gainditzeko finantzaketa tresnak dira. “KIC batean EIT-k %25a finantzatzen du denbora mugatu batez, alegia, zazpi urtez, eta gainerako %75a honela lortzen da: bazkideen funtsen bidez, EBren finantzaketaren bidez, Estatuko eta eskualdeko funtsen bidez, eta, proiektuak aurrera egin ahala, proiektuaren mozkinekin”.

Jardunaldia SPRI Taldeko Arturo Antónek itxi du, azalduz nola funtzionatzen duen Entreprise Europe Network (EEN) sareak. EEN erakundeak Europa hurbiltzen die enpresei eta aukera eskaintzen die euskal ETEei funtsen zati bat eskuratzeko.

EENek Europa osoko ia 600 erakunde biltzen ditu, eta  horietako baten barruan dago SPRI, Basque ENN Partzuergoaren barruan hain zuzen. Partzuergo horren barruan daude baita ere Bilbo, Gipuzkoa eta Arabako Merkataritza Ganberak, Innobasque eta Beaz. Joan den urtarrilean SPRIko zuzendari nagusi Alexander Arriolak, euskal gunearen arduradun den aldetik, 2020ra arte iraungo duen lankidetza akordio berri bat sinatu zuen.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke