Ia 27.000 ordu laguntza bihurturik Senegal eta Ekuadorreko haurrentzat

2015ko Abendua 17,

Ikasketen XIII. Olinpiada Solidarioa egin zuten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.

Aurten ere Euskadik bat egin du Ikasketen Olinpiada Solidarioarekin, zeinak adin guztietako ikasleak animatzen baititu kausa sozialekin kolaboratzera ikastorduak eginez. Ikastordu bakoitzeko, programan parte hartzen duten enpresek euro bat ematen diete ekimenak hautatutako kausa solidarioei.

Azaroaren 5etik abenduaren 5era arte Ikasketen XIII. Olinpiada Solidarioa egin zuten, eta Euskadin 18 areto prestatu zituzten ekimenarekin bat egiteko. Lau aste horietan 26.761 ikastordu pilatu zituzten, eta ordu bakoitza euro bihurtu da hezkuntza arloko garapen proiektuentzat. Deustuko Unibertsitateko ikasleak izan ziren aktiboenak Euskadin, izan ere erakundeak jarritako bi aretoetan –Bilbon bata eta Donostian bestea- 18.240 ordu metatu zituzten guztira.

Ekimen honen helburu nagusia da gizartea kontzientziatzea, eta bereziki gazteak, ikus dezaten hezkuntza jasotzeko aukera oinarrizko eskubide unibertsala dela, nahiz eta munduko toki askotan ez den halakorik gertatzen. Aurtengo edizioan 518.777 ikastordu bildu dituzte guztira 52.942 ikasleren parte-hartzearekin, eta dirua Coopera GKEak Senegal eta Ekuadorren dauzkan hezkuntza proiektuentzat izango da.

Senegalen kasuan, Malicounda hiriko Omar IbnKhatab eskolan dago ekimen solidarioa. Ikastetxe horretara joaten diren neska-mutilak diru-sarrerarik gabeko familietakoak dira; beraz, beren oinarrizko elikadura premiak ez daude estalita, eta hori ezinbestekoa da eskolan errendimendu ona lortzeko. Bildutako diruarekin oilo, esne-behi eta ahuntz granja bat eraikiko dute eskolako taberna hornitzeko.

Ekuadorren, berriz, Coopera GKEak proiektu bat dauka martxan Cotacachi-ko komunitate indigenarekin, zeinaren helburua baita hamar eskolatako instalakuntzak eta funtzionamendua hobetzea. Ekimen horren bidez, kaltetutako espazioak hobetzen dituzte, eskolako materiala eskaini, eta irakasleekin lan egiten dute ikasleen premietara hobeto egokitzen diren metodologia pedagogikoak aplika ditzaten.

Coopera, Cooperación Internacional eta Atec GKEek antolatzen dute sentsibilizazio eta hezkuntza arloko Olinpiada Solidarioa Espainian, Belgikan, Portugalen, Boli Kostan, Burundin, Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Haitin. Estatuan, Arabako Manuel Iradier Elkarte Afrikanistak ere parte hartu du antolakuntzan.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke