Hozkailu solidarioak janaririk ez xahutzeko

2016ko Urtarrila 19,

Galdakaoko Boluntarioen Elkarte Humanitarioaren kanpoaldean kokatutako Hozkailu Solidarioa.

Leioako Ostalaritza Eskolako jantokia ixten denean, eskolako arduradunek mundu guztiarentzat zabalik dagoen hozkailu irekian sartzen dituzte egunero menuan soberan gelditu diren platerak eta postreak, beste pertsona batzuek aprobetxa ditzaten  zabor-ontzira bota beharrean. Ekimena Hozkailu Solidarioa proiektuaren barruan dago,  zeina iaz sortu baitzen Galdakaoko GBGE Boluntarioen Elkarte Humanitarioak bultzaturik. UPV/EHUko Ostalaritza Eskolako hozkailua urtarrilaren 14an instalatu zen, eta hala, sei daude hainbat udalerritan banatuta.

Proiektu hori Galdakaoko GKEaren ekimenez sortu zen, zeinak elikagaiak banatzen baititu behar dituztenen artean. Arduradunek ikusi zuten produktu asko biltegian iraungitzen direla banatzeko aukerarik izan baino lehen, eta erabaki zuten lokalean hozkailu bat instalatzea, janari hori aprobetxatzeko. Iazko apirilean proba bat egin zuten udalaren laguntzarekin, eta bost astean 200 kilo elikagai baino gehiago salbatu zituzten zaborretatik.

Hozkailu Solidarioa proiektuaren helburu nagusia da janaria alferrik gal ez dadin lortzea, izan ere, FAOk emandako datuen arabera, pertsona bakoitzak 100 kilotik gora xahutzen ditu urtean. Horregatik, hozkailua zabalik dago, eta edonork har ditzake elikagaiak handik. Era berean, estigmatizazioa saihestu nahi dute, “ez dugu nahi pobreentzako proiektu bat izatea, horrek esan nahi baitu etiketa bat jartzea erabiltzen duenari; nahi duten guztiek erabil dezakete hozkailua, helburua baita barneratzea eta ez baztertzea” azaldu du Álvaro Saizek, proiektuaren fundatzaile eta GBGEko kideak. Elikagaiak uzten dituztenak nagusiki erakundeak dira, iraungitzeko zorian dauden produktuak eskaintzen dituzten saltokiak edo egunean zehar soberan geratu diren pintxoak dituzten tabernak, baina edonork utzi dezake janaria hozkailuan.

Hozkailu Solidarioa proiektuaren elementu berritzaile nagusia da “abandonoa”ren kontzeptua erabiltzen duela, horrek prozesu osoa errazten baitu. “Jatetxe, supermerkatu, eskola… askok eman nahiko lukete sobratzen zaien janaria, baina lege aldetik arau batzuk bete eta erantzukizun zenbait hartu behar dira, eta horrek atzera botatzen ditu askotan” azaldu du Álvaro Saizek, “janaria abandonatzeak asko sinpletzen du prozesua, elikagaiak jaberik gabe gelditzen baitira”. Hala ere, hozkailu bakoitzaren arduradunek hainbat arau aplikatzen dituzte janaria egoera onean dagoela ziurtatzeko: ontzi batean gordeta egon behar du eta informazioa izan behar du osagaiei buruz, esaterako noiz sukaldatu diren edo noiz iraungitzen diren.

Ekimenak arrakasta itzela izan du eta zenbait hozkailu, adibidez GBGE GKEarena, birritan betetzen eta husten dira egunero. Gaur egun beste bat instalatu dute herrian bertan, eta baita ere Gasteiz, Quero, Toledo eta Murtzia hirietan. Formula horrek interesa piztu du munduko beste toki batzuetan ere, eta Europa nahiz Hegoamerikako erakundeak Hozkailu Solidarioaren arduradunekin jarri dira harremanetan ideia kopiatzeko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke