Hiru euskal proiektu: Jolasplaza, Errebal eta Leinn Collaborative Space Design, hirigintza parte-hartzailearen eredu

2015ko Maiatza 15,

spri_innovacion_LaColUrbanismoParticipativo
Errebal, prozesu parte-hartzailea.

Munduko hiri askotan abiarazi dira hiriko inguruneak hiritarren parte-hartzearekin birdiseinatzeko ekimenak eta esperientziak.  Tokian tokiko proiektuak dira, hiritarrak, eragileak eta lurraldearekin lotutako kolektiboak inplikatzen dituztenak eta helburutzat dutenak hiritarren eskalara eginiko hiriko espazioak sortzea, beren premia eta nahiei erantzuteko.

Bartzelonako La Col arkitekto kooperatibak argitalpen batean bilduko ditu ekimen horietako batzuk: espazio hutsei erabilpen berriak emateko parte-hartze prozesuak, jolas-eremu edo zentro komunitarioen diseinu arkitektonikoko proiektuak, eta abar. Hautaketa prozesu baten ostean, La Col lantaldeak 16 proiektu aukeratuko ditu hirigintza parte-hartzailearekin eta arkitektura sozialarekin lotutako esperientzien aniztasuna erakusteko. Proiektu horiek Frantzia, Argentina, Libano, Valentzia, Aragoi eta besteak beste Galiziakoak dira. Euskadiko hiru proiektu sartuko dituzte Libro de participación en arquitectura y urbanismo argitalpenean: Eibarko Alde Zaharrean hutsik dauden lursailetan esku-hartzeko plana (M-etxea eta MonoDestudio), Zaramari kolektiboaren Jolasplaza eta Tipi Studio-k bultzatutako Leinn Collaborative Space Design ekimena.

Eibarko esku-hartze plana 2013an egin zen Errebal lursailaren etorkizuna erabakitzeko. Garai batean espazio horretan Abastos merkatua egon zen, eta hura eraitsi ondoren ia erabilpenik gabe gelditu zen, nahiz eta herriko alde zaharraren erdian egon. M-etxea ikerketa eta arkitektura kolektiboak eta MonoDestudio soziologo taldeak prozesu bat jarri zuten martxan herriko bizilagunen kolektiboek, merkatari elkarteek, kultur eragileek eta hiritarrek parte har zezaten. Prozesu hartan proposamenak, premiak eta ideiak bildu zituzten gero proiektu arkitektonikoan islatzeko.

Jolasplaza da argitalpenak aukeratutako beste ekimen bat; kasu honetan, haurren parte-hartzea bilatu dute Portugaleten jolas-eremu berri bat elkarrekin diseinatzeko. Zaramari kolektiboak koordinatutako hiri pedagogiako tailer baten bidez, 8 eta 11 urte bitarteko 23 haurrek parte hartu zuten parkearen plangintza eta diseinu prozesuan, eta eurek erabaki zituzten jolas-eremuak, erabilpen desberdinak eta kokapenak. 2014an martxan jarri zen ekimen horrek helburu bikoitza zuen: erabiltzaileen premiak espazioaren plangintzan sartzea eta arkitekturaren eta hirigintzaren mundua haurrei hurbiltzea.

Libro de participación en arquitectura y urbanismo liburuak baita ere jasoko du Leinn Collaborative Space Design esperientzia, Ttipi Studio-k bultzatutako Mondragon Unibertsitatearen Oñati Lab espazioa eraldatzeko prozesu kolaboratiboa. Kasu honetan, MUko Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza Graduko parte den erabilpen anitzeko eremu berri bat birdiseinatu zuten, eta irakasle zein ikasleek parte hartu zuten prozesuan, espazioa erabiliko zuten pertsonen premiak identifikatzeko eta haiei erantzuteko.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke