ES | EU


2015ko Azaroa 25


Tabakaleraren  laborategi hiritarrak eta DSS2016 ekimenak Eginzaleak! Astearen hirugarren edizioa antolatu dute abenduaren 14tik 19ra. Eginzaleak! hiritarren teknologiei, do it yourself fabrikazioari eta kode irekiko sorkuntzari buruzko topaketa bat da. Aste osoan zehar erakusketak, tailerrak eta proiektu aurkezpenak egingo dituzte produkzio mota berri horiek partekatzeko. “Topaketaren helburua da ikusgarri egitea hiritarrei teknologietarako sarbide handiagoa emanez sortzen diren auto-fabrikazioko aukerak, aukera horiek sortzen direlarik kostua txikiagoa delako eta ezagutza partekatua denon eskura dagoelako” azaldu du Diana Franco, Hirikilabs-eko arduradunak.

Izena emateko epea zabalik dago jadanik Eginzaleak ekimenaren barruan beren sorkuntzak aurkeztu nahi dituzten pertsona eta kolektiboentzat. “Ikuspegia oso anitza da,  kode irekiko teknologiekin, zientzia hiritarrarekin, artisautza digitaleko metodo berriekin, eta abarrekin lotutako proiektu bat daukan edonork parte har dezake topaketan” adierazi du Diana Francok, “teknologiak eskaintzen dituen aukeren eta norbere kezken arteko nahasketa da oinarria”.

Egitarauaren barruan erakusketa bat dago, Hirikilabs laborategiaren eraikuntza prozesu kolektiboa kontatzen duena, prozesuan zehar sortutako ezagutza partekatzearen filosofiari jarraiki. Abenduaren 15etik 17ra hiritarren datuei buruzko tailer bat eskainiko da, eta hilaren 18an (ostirala) Kode Sortzaileko saio ireki bat egingo dute; Hirikilabs-eko lantalde horrek programazioaren mundura eramaten du artisautzaren ideia. Hilaren 19a (larunbata) izango da Eginzaleak! topaketaren egun nagusia, eta hogei proiektu baino gehiago izango dira ikusgai. Bestelako jarduerak ere egingo dituzte, esaterako Tecno_blandas ikerketaren ondorioen aurkezpena, How to Make hitzaldiak eta haurrentzako tailer bat, Hirikilabs-en JoLab haur-komunitatearen barruan kokatzen dena. Horrez gain, bertaratuek aukera izango dute birziklapen sortzailearen ideian oinarritutako jolas autonomo eta kolaboratiboz osatutako instalazio ludiko bat bisitatzeko.