Hezkuntza Disruptiboko Eskolak ikaskuntza formula berri inklusibo eta pertsonalizatuagoak proposatu ditu

2015ko Maiatza 08,

spri_innovacion_educacion disruptiva
Hezkuntza Disruptiboko Eskola 2015 ekimeneko blogaren irudia.

Gero eta metodologia edo esperientzia praktiko gehiago ari dira sortzen hezkuntza sistema tradizionalaren alternatiba bezala, eta metodologia eta praktika horiek helburutzat dute eskola inklusiboagoa, hots, ikasleen premia anitzei egokitua. Hezkuntza Disruptiboko Eskola Telefónica Fundazioaren ekimen bat da eta ikuspegi berriak bateratzea du helburu: artea tresna hezitzaile gisa, gorputzarekin lotutako pedagogiak edo, besteak beste, gaitasun desberdinak dituzten ikasleak batzea.

Gaitasun bereziak edo ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak integratzea da hezkuntza sistemaren erronka handienetako bat. Glifing proiektuko zuzendari eta dislexian aditu Montserrat Garcíak azaldu duenez, Estatuan %30eko eskola porrota dago eta zifra altu hori neurri handi batean ikasleen irakurketa eta ikasketa zailtasunen ondorioa da. Dena den, Montserrat Garcíak nahiago du “ikasteko desberdintasunak” deitzea, izan ere pertsona bakoitzak gaitasun eta erritmo desberdinak ditu eta ikasle horien eta hezkuntza sistemaren homogeneotasunaren artean sortzen den talka da arazoa. Glifing ekimenak teknologiaren aukerak aprobetxatuko ditu hezkuntza ildoak ikasle bakoitzaren premiei egokitzeko.

(Dis)capacidades, ¿cómo integrar a las personas con capacidades especiales en el aula? izan zen Telefónica Fundazioaren Hezkuntza Disruptiboko Eskola 2015 proiektuak antolatu duen azken topaketa eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, psikologia ebolutiboko Gerardo Echeita irakasleak eta Rosa Aparicio, iPads y Autismo proiektuaren sortzaileak. Saio horiek hilean behin antolatzen dira, ikuspegi nahiz esperientzia pedagogikoak eztabaidatzeko eta, bide horretatik, hezkuntza eredu inklusiboago bat lortzeko.

Martxoan beste eztabaida bat antolatu zuten Salir del armario: pedagogías queer y otras formas de abordar la identidad sexual en el aula izenburupean, non Remedios Zafra arte, kultura digital eta genero ikasketen irakasleak hainbat ikuspegi partekatu baitzituen ikasgelan sexu nortasunaren gaia lantzeko, bere ustez eskola baita “izan nahi dena izaten ikasteko” tokia. Saio horretan hainbat tresna jarri zituzten praktikan, hezkuntza ingurunean behin eta berriz errepikatzen diren generoarekin lotutako estereotipoak berrikusteko.

Hezkuntza Disruptiboko Eskola ekimenak beste saio bat egin zuen otsailean, El arte contemporáneo como herramienta didáctica gaia lantzeko. Eztabaida hartan Luis Camnitze artista eta pedagogoak parte hartu zuen eta azaldu zuen “hezkuntza ez sortzailea hezkuntza txarra dela”. Saio horretan izan ziren Marta de Gonzalo eta Publio Pérez Bigarren Hezkuntzako irakasle eta kultur ekoizleak ere, zeintzuek ikusizko alfabetatze proiektu bat baitaukate martxan beren eskolan, eta artea metodologia hezitzaile gisa erabiltzen baitute bertan. Eduki guztiak eta eztabaida saioetako bideoak EED2015 blogean ikus daitezke, eta irakasleei, ikasleei edota hezkuntza arloko berrikuntzan interesatuta dauden ikerlariei zuzendurik daude.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke